Sabai gardenak, lorategien arkitektura
Natura menderatzeko gogoa berotegien sorrerarekin bete zen neurri batean. Barruko lorategi hauetan, barazkiak eta landareak hazteko erabiltzen direnak, hormak eta teilatuak gehienbat material gardenez eginak daude. Adibiderik adierazgarriena Joseph Paxtonen Crystal Palace eraikina kontsideratzen da, 1851. urteko Londresko Erakusketa Handirako diseinatua.

Mendeetan gizakia lorategia menderatzen saiatu zen. Ardatzak eta simetriak ez ziren konposizio baliabide hutsak, lurra eta denbora kontrolatu nahiaren pentsamenduaren adierazpenak ziren. Alabaina, begirada ez zuten soilik lurrera mugatu, eta landareak biltzen zituen atmosfera bera ere etxekotzearen bultzada sortu zen. Kontrola airean kontzentratu zen, eta hasierako lur landuaren hedadura barnealdea bihurtu zen, lurra eta landareen forma ez ezik, landareok biltzen zituen klima ere modelatuz. Asmo horretatik, tipologia berria sortu zen, eta jardinen tradizioa hautsi ordez, horien handitasuna -eta aniztasuna- muturrera eraman ziren. Berotegiez hitz egitea, lorategi kontrolatuagoez hitz egiten jarraitzea da.
Garapen honen jatorria asmakizun txiki bezain garrantzitsu batean ikus daiteke, Wardian Case izeneko kaxa bat, zeinaren bidez landare tropikal biziak ozeanoetan zehar garraiatzeko modua aurkitu zuten. Nathaniel Bagshaw Ward medikuak asmatua, emaitza beirazko kutxa estanko bat zen, barnealdean mikroklima autonomoa zuena. Uraren kondentsazioak ziklo perfektua osatzen zuen bertan, eguzkiaren beroak lurraren hezetasuna lurruntzen zuen, tantak kristalezko hormetan pilatzen ziren eta sustraien gainera erortzen ziren berriro. Mekanismo horri esker, iratzeek, orkideek edo palmondoek hilabetetako bidaiei eutsi zieten Europara iritsi bitartean.

Asmakizuna, funtsean, mikro berotegia zen, ekosistemak garraiatzeko kapsulatxoa, eta geroago, berotegi handien eraikuntza definituko zuten printzipio guztiak zituen bere barnean; gardentasuna, isolamendua, erregulazio termikoa eta hezetasunaren kontrola. Beirazko kutxa txiki horretan lorategiaren ideia eraberritua kondentsatzen zen, fenomeno eramangarria eta errepikakorra, landareekin zegoen harremana betiko eraldatu zuen globalizazio botaniko baten lehen keinua.
Ondorengo urratsa logika hori anplifikatzea izan zen, arkitektura bihurtu arte. Industria iraultzarekin orokortu ziren material berriek, egitura arinak, erresistenteak eta argitsuak eraikitzeko aukera eman zuten, tipologia berri bati bidea irekiz. Berotegia edo nola halako tenplu bat, natura exotikoarentzat. Horietan, lorezaintzak eta ingeniaritzak bat egin zuten, espazioaren diseinua tenperaturaren, argiaren eta hezetasunaren gisako aldagai ikusezinen mende utziz.
Adibiderik adierazgarriena kontsideratzen da Joseph Paxtonen Crystal Palace eraikina, 1851. urteko Londresko Erakusketa Handirako diseinatua. Hiri bereko Hyde Park lorategiaren erdian kokatu zuten 90.000 metro karratu baino gehiago estaltzen zituen burdinazko eta beirazko egitura modularra, 33 metroko garaiera zeukan espazioan milaka landare exotiko pilatuz. Naturaren eta makinaren elkarbizitza teilatu beraren azpian manifestu gauzatua izan zen. Klimaren gaineko kontrolaren garaipena eta lorategi mota berri baten sendotzea irudikatzen zuen. Gizakiak, lehen aldiz, lursail bat zedarritzeaz gain, airea ere etxekotu zuen. Mendeetan lorategia mundutik banandu zuen hesia beirazkoa -eta ikusezina- egin zen orduan. Lorategia arkitektura izatera pasatu zen, eta arkitektura, berriz, natura erreproduzitzeko makina.

Berotegiak harrapaketa botanikorako gailuak izan dira, postnatural dei geniezaiokeen tresnak. Lorategi botanikoek bezala, proiektu kolonialaren aparatu teknologiko gisa funtzionatu du, eta bere estetika propioak sortu ditu. Itxurazko neutraltasun zientifikoan, berotegiak kontrolaren, ezarritako ordenaren eta izaera konfinatuaren indarkeria sotila erakusten du.
Behin eta berriro paradoxa berari aurre egiten zaio, konfinamenduaren bidez bizitza zaintzeko ahaleginari. Natura menderatzeko gutizia, baina harengandik hurbil egoteko irrika.

Por una actitud más saludable en Navidad

Paula Ostiz e Imanol Etxarri, una simbiosis de éxito mundial

«¿Al final qué importa, la orientación sexual o el ser humano?»
Navidades invertidas
