Etxe Zuriko erroia
Groenlandian ez dute «inoiz ez» esaten; «tulukkat qaqortippata» esaten dute. Hau da, “erroia zuri bihurtzen denean”. Eta erroiez ari garela, Donald Trump etorri zait burura. Harrapari gisa jokatzen ari da, berea ez den lurralde bat lapurtzeko gogoz.
Erroiek ez diote ezeri zuzenean erasotzen. Hurbildu egiten dira, zarata egiten dute eta besteek nola erreakzionatzen duten begiratzen dute. Presioa egiten dute, hor daudela gogorarazteko. Eta estrategia hori darabil Trumpek Groenlandiarekin. Artikora soldaduak bidaltzeko mehatxua egin zuen lehenbizi; “onean” ez bada, lurraldea “txarrean” hartuko duela esan zuen gero. Erroiak bezala, presioa egiten ibili da Danimarka eta Europar Batasuna beldurtu eta bere helburua lortzeko asmoz.
Davoseko Munduko Ekonomia Foroan esan zuen segurtasun nazionala bermatzeko nahi duela Groenlandia. Ez dela kapritxoa. Estatu Batuek soilik babestu dezaketela Artikoko uhartea. Ez zituen aipatu Groenlandian dauden petrolioa eta lur arraroak. Ez eta Artikoaren urtzearen ondorioz irekitzen ari diren itsasbideak. Argi dago Trumpek itsasbide berri horiek kontrolatu nahi dituela eta Groenlandiako baliabideak ustiatu. Horregatik horrenbesteko interesa Groenlandian. Uharte horretako biztanleen %85ek ez dute Washingtonen menpe egon nahi. Estatu Batuetako biztanleen %75ek ere ez dute Groenlandia hartzeko beharrizanik ikusten. Baina Trumpi bost axola inkestek. Munduko taula geopolitikoa bere erara antolatzen jarraitzen du munduaren erdiak txalo egiten dion bitartean.
Ezin jakin daiteke Estatu Batuetako presidenteak zein norabide hartuko duen Groenlandiarekin, uhartea erosiko duen, base militar gehiago eraikiko dituen bertan edo ezustekoren bat emango digun. Baina gauza bat argi daukat: erroiak ez dira gutxietsi behar. Inoiz ez. Tulukkat qaqortippata.




