Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Ekosistema kultural berriak

Michelle L.M. Wong, Chris Appelhans eta Maggie Kang, K-Pop Demon Hunters filmaren arduradun eta Oscar sarietarako izendatuak, Los Angelesen, pasa den martxoaren 7an. Nick Agro - Academy Museum Foundation | Getty Images
Michelle L.M. Wong, Chris Appelhans eta Maggie Kang, K-Pop Demon Hunters filmaren arduradun eta Oscar sarietarako izendatuak, Los Angelesen, pasa den martxoaren 7an. Nick Agro - Academy Museum Foundation | Getty Images

Mikrofonoa eskuan, koloretako prakak, ileordeak eta txaketa deigarriak... joan den inauterietan, goiz bakar batean, “K-Pop Demon Hunters” filmean oinarritutako sei mozorro zenbatu nituen.

Filma 2025ean Netflixen estreinatu zenean, arrakasta biribila bezain ustekabekoa izan zen; arrakastaren gakoa zein izan den aletzea zaila bada ere, kultura industria globalaren estrategiak, fandom digitalaren aktibazio etengabeak eta narratiba garaikidearen kodeek bat egin duten puntu zehatzean egon daitekeela susma daiteke.

Netflixen historiako filmik ikusiena da, lerro hauek idazteko unean 500 milioi bistaratze baino gehiago pilatu baititu. Korean pop (k-pop) generoaren estetikaren indarra, sare sozialen bidezko zabalkunde organikoa eta publiko gazte globalizatu baten kontsumo ohiturak uztartuz, filmak ezin hobeto asmatu du garaiko kodeekin.

Filmak Huntr/x taldearen istorioa kontatzen du: Rumi, Mira eta Zoeyk osatutako k-pop talde femeninoa. Musikaren munduan aritzeaz gain, protagonistek bizitza bikoitza dute; mundua mehatxatzen duten indar gaiztoen aurka borrokatzen dira isilpean. Istorioak Koreako folklorean du oinarria, baina, aldi berean, gazteei zuzendutako produktu arrakastatsuek aurretik landutako hainbat tropo ere baliatzen ditu. Abeslari ospetsu baten bizitza bikoitzaren premisa, esaterako, sarri erakutsi da fikzioan.

Arrakastaren gako nagusietako bat identitate kulturalaren eta unibertsaltasun narratiboaren arteko uztarketan datza. Koreako “idol” industriari lotutako elementuak barneratzen baditu ere, guztiak egitura klasiko batean txertatzen ditu: gaizkiaren aurkako borroka, adiskidetasuna, hazkunde pertsonala eta bizitza publikoaren eta barne gatazken arteko dualtasuna. Tokikoa eta globala modu naturalean gurutzatzen dira.

Dimentsio estetikoa ere funtsezkoa da. Kolore biziek, eraldaketa ikusgarriek eta koreografiek gaur egungo kontsumo digitalaren logikari erantzuten diote. TikTok garaian, ikusizko inpaktua arrakasta komertzialaren osagai nagusietako bat da. Eszena bakoitza joera bihur daiteke, abesti bakoitza erronka biral. Filmak ekosistema kultural erreplikagarri bat eraikitzen du, pantailatik harago hedatzeko pentsatua.

Hala ere, fenomeno bihurtu duen ñabardura nagusia musika bera da. Gazteentzako arrakasta handiak, askotan, musikaren eskutik etorri dira; gertuko adibide bat da “Go!azen”, non fikzioak eta abestiek elkar elikatuz komunitate sendo bat sortu duten.

Duela ez hainbeste, k-pop munduan oinarritutako proposamen bat mainstream arrakasta bihurtzea ezinezkoa zirudien. Baina azken urteotan Koreako herri kultura nazioarteko elkarrizketaren erdigunean kokatu da; “Squid Game” bezalako telesailek eta “Parasite” bezalako filmek bidea ireki dute.

Hurrengo galdera begi bistakoa da: izango al da bigarren zatirik? Erantzuna baiezkoa da. Hala ere, zaleek pazientzia izan beharko dute, 2029rako iragarrita baitago.