Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Beldurraren promesa puztuak

Chiwetel Ejiofor da Kane Parsonsek zuzendutako “Backrooms” zientzia-fikziozko eta beldurrezko filmaren protagonista, ekainaren 5ean gure zinema aretoetara iritsiko dena.
Chiwetel Ejiofor da Kane Parsonsek zuzendutako “Backrooms” zientzia-fikziozko eta beldurrezko filmaren protagonista, ekainaren 5ean gure zinema aretoetara iritsiko dena. (Jose Perez Bauer-Griffin-GC Images | Getty Images)

Urteko filmik beldurgarriena», «aztoragarria, inoiz ikusi gabea; AEBn estreinatu zenean zorabioak eragin zituen aretoan» eta abar, eta abar. Amua bota eta ikusleak kosk egin dezan, oso ohikoa izaten da beldurrezko film bat estreinatu eta saldu nahi den bakoitzean banatzaileek halako mezuak jaurtitzea.

Ez hori bakarrik. Erabiltzen dituzten trailerrek eta irudiek ere ileak puntan jartzeko moduko giroa sortzen dute. Baina zinematara iragarritakoa ikustera joaten garenean, filma amaitu eta aretoko argiak pizten direnean, sarritan geratzen zaigu aho zapore bera: «Ez zen hainbesterako».

Urtez urte, ia erritu bilakatu da «urteko filmik beldurgarriena» izendatzeko lasterketa. Baina denborak, olatuak bezala, aparra eramaten du berekin; eta, aparrarekin batera, promesen zati handi bat ere bai. Oso gutxi dira benetan gure baitan geratzen diren filmak, oroimen kolektiboaren hormetan iltzatuta gelditzen direnak.

Beharbada, harridurarako dugun gaitasuna lausotzen ari delako da. Irudi efimeroak irensten ditugun garai honetan -azkar, ia arnasa hartzeko astirik gabe-, bortizkeria ere ohiko bihurtu da; eta, ondorioz, scroll etengabearen garaian, gero eta zailagoa da fikzioan benetan dardarka jartzen gaituen zerbait aurkitzea. Hala ere, ezin da ukatu puztutako marketin kanpainek ere badutela erruaren zatia.

Testuinguru horretan iritsiko da, hain zuzen, “Backrooms”, oraindik estreinatu ez den arren, dagoeneko zalaparta handia eragin duen filma. Ekainaren 5ean helduko da Hego Euskal Herriko aretoetara, baina trailerra kaleratu zutenetik ikusmin handia piztu du.

A24 ekoiztetxearen zigilupean eta Kane Parsons gaztearen begiradapean ondua, lanak Parsonsek berak sortutako izen bereko web seriean du jatorria. Hiri kondairen eta creepypasta genero digitalaren eraginpean, istorioak “4chan” webgunean sortutako iruditerian du sustraia. Parsonsek 19 urte besterik ez dituela zuzendu du filma, eta, horrela, A24ren historiako zuzendari gazteena bihurtu da.

Parsonsek berak YouTuben sortutako unibertso batetik dator dena. Nerabea zela, fenomeno biral bihurtu zen, errealitatetik haragoko espazio labirintikoei buruzko film laburren sorta bati esker. 2022an lehen bideoa argitaratu zenetik, milioika ikus-entzule bildu ditu, eta sarean izandako oihartzun handi horretatik sortu da orain film luzea.

Istorioak, orain, aurpegi ezagunak hartuko ditu, eta Chiwetel Ejiofor eta Renate Reinsve izango dira protagonistak. Argumentuak misterioz beteriko abiapuntua du: altzari denda bateko sotoan ate bitxi bat agertuko da. Terapeuta baten pazientea errealitatetik haragoko dimentsio batean desagertzen denean, emakumeak ezezagunera egin beharko du jauzi, hura salbatzeko asmoz.

“Backrooms” filmak espero den maila emango duen ala ez ikusteko dago, baina argi dago beldurrezko zinemaz benetan gozatzeko gakoetako bat aretora aurreiritzirik gabe sartzea dela.