Zuloak eta egunerokoak

Ihesean dabil bere familiarekin batera, artean nerabezarora heldu berri den neskatoa dela. Guda besterik ez du ikusten, edo entzuten, ezkutuan dauden zuloan. Heriotza eta beldurra nahasten dira munduari zelofana kendu ez eta beste era bateko errealitatea ezagutzeko grina duen garuneko ametsen artean. 1942ko ekainaren 14a da Amsterdamen, eta gaur hasi da Anne Frank bere egunerokoa idazten.
Nazien eskuetan zela, tifusak eraman zituen eguneroko hartan bildu zituen ideia, pentsamendu eta barne ikuskerak, bera hil eta egun gutxira askatu zuten Bergen-Belsengo kontzentrazio esparruan. Holokausto nazian, senide guztiak hil ziren, Otto Heinrich Frank aita izan ezik. Hain zuzen, bera arduratu zen alabaren egunerokoa gorde eta argitaratzeaz, eta geroztik 55 hizkuntzatara itzulia izan da, baita euskarara ere. Anne Frankek izan zuen bere memoria gorde eta judu, ijito eta enparauek jasan zuten sarraski hura kontatzen zuen bilduma mundura zabalduko zuenik. Eta, ziurrenik, mundua bera da Anne Frank gogoan duen lagunetako bat, baina, gaur egun, Gazan bertan izango dira hondamendiaren erdian bizitzera kondenatuta dauden nerabeak, haien egunerokoak idazten dituztenak, ezkutuan bizi direnak, beldurrak eta heriotzak ametsak iluntzen dizkietenak, bidegabekeria salatzen dutenak. Gazan, eta gero eta oldarkorragoa eta bortitzagoa den mundu zabalean. Gure begien aurrean.




