Begiradaren limiteak
Txikitan, inoiz aukera izan nuen idiak ortuan ikusteko. Animalia erraldoiek kabestruak eramaten zituzten arreta ez galtzeko. Kanpoaldeak lana bertan behera uzteko arrazoiren bat-edo ezkutatu ahal zuen, edota ideiaren bat jarraitu zezaketen beharreko bidea ezbaian ipintzeko. Beharbada, adibideren bat ezagutuko zuten beste bizimodu posible bat adieraziz.
Gaztetan, tipografia inguruko ikastaro bat egin nuen Eduardo Herrera irakaslearekin batera. Berak, beste gauza asko tarteko, azaldu zigun zelan “A” hizkiaren marra horizontala, hasierako tipografietan, erdian ipini beharrean, apur bat gorago jartzen zen. Izan ere, aspaldiko ehiztariek xabalina botatzen zutenean, gorantz botatzen zuten jaurtiketaren arkuak behera egin zezan; beharrezkoa zen animalia ehizatzeko. Beraz, begiradak urruneko erdiko puntua apur bat goratua zuen. Hala behar zen irakurketa efizientea izan zedin.
Duela gutxi, AEBn bizi den izeko bisitan etorri zaigu. Hondartzan geunden, bera itsasoari begira, lasai, irribarretsu: «Ufala! Honen beharra nuen. Edonora noala ere, eraikinak edo bestelako oztopoak topatzen ditut, ezin diot begiradari zabaltzen utzi». Badakizue ikusmena ere horrela galtzen dugula? Izan ere, bista oso moldagarria eta alferra omen da, behar duen egoerara egokitzen da arin batean.
Datorren eguzki eklipsea nola, datu guztiak lerratu zaizkit zeru-iragartzailean: bestelako bizimoduak ez ezagutzea+efizientzia+ikuspegi galera = mugikorrari begiratzea. Ordenagailu pantailari so egin diot, saiatu naiz arreta erdiko puntuan jartzen, periferiaren zabalera antzemateko. Ez dut neurtzerik, baina oso pertsona beldurtia naizenez, nahiko irudikorra gainera, pentsatu dut mugikorraren bertikaltasunak murriztu duela munduaren horizontaltasuna. Kezkatu naiz, jakina.
Zer egin ez dakidala, buruari, eta mugikorrari, bueltaka ari naiz. Ziurrenik beste batek, nik aipatu ditudan datuak kontuan hartuta, bestelako irakurketa egingo du, eta akaso elkarren berri izango dugu, telefonoak konektatzen badu gure arteko talka. Ez zait beldurra arindu, ez dut sare sozialik, nola lotuko ditugu ildaskak?
Azkenean, mugikorra bera biratu dut, agertutako begirada-limitea horizontalagoa izango delakoan.



