Aizkora | Urrezko lehiaketa

Finalean izateko azken aukera izango da Urrotzen

Ander Erasun, Jon Rekondo eta Felix Etxeberria lehiatuko dira arratsaldean, 19.30ean hasita, Urrotzen. Irabazleak bakarrik lortuko du finalerako txartela.

Urrezko Aizkorako hirugarren eta azken finalerdia jokatuko da gaur Urrotzen, 19.30ean. Ander Erasun, Jon Rekondo -aurreko bi finalerdietako bigarren sailkatuak- eta Felix Etxeberria lehiatuko dira Azpeitian jokatuko den finalerako azken txartela lortzeko.

Oraingoan, ez dago hutsik egiteko inongo aukerarik. Ez dago beste kanporaketarik aurrera egiteko. Gaurkoan aurrena geratzeak bakarrik balio du, hark eskuratuko baitu finalean aritzeko ohorea. Beste bientzat, berriz, aurtengoz amaitu egingo da Urrezko Aizkora.

Bi gazte eta beterano bat izango dira aurrez aurre. Felix Etxeberria indarrean dator, kanporaketa ugari jokatuta. Bere garaian Euskal Herriko Lehen Mailako final batean baino gehiagotan izan zen, baina gerora izan zituen arazo batzuen ondorioz, txapelketak eta aizkora bera ere baztertu behar izan zituen. Halere, berriro ere, nahiz eta urteetan aurrera doan, indarrean dator. Lan hau oso ongi doakio, eta galtzeko gutxirekin joango da Urrotzera. Normalena bi gazteetako batek aurrera egitea izango zen, baina faborito izan gabe saio asko gainditu ditu, eta beste bat gainditzeko ere gogoz eta itxaropentsu dago.

Jon Rekondok ere ez du eskarmentu faltarik, eta ez du bere aurreneko finalerdia izango. Leitzarra ere lan hauetara ongi moldatzen da, eta finalean sartzetik gertu ibili beharko luke. Nerbioek maiz arazo asko sortzen dizkiote, eta horiek gainditzen baditu, ongi arituko da.

Ander Erasun izango da aizkolarietan gazteena. Aurtizkoa behetik gora indarrean datorren horietakoa da, eta etorkizunean puntakoa izateko traza duen horietakoa. 23 urtez azpikoa ere jokatu du, baina onenekin finalean sartzeko atarian dago, eta sartuko balitz ere, ez litzateke ezustea izango.

Gaur ilunabarrean honako lan hau egin beharko dute: 45 ontzako enborra ahalik eta kolpe gutxienetan moztea izango da aurreneko egin beharrekoa. Ondoren, tamaina bereko enborra erloju kontrakoan erdibitu beharko dute. Hirugarrengoan, tamaina bereko enborra zutik jarrita ebaki beharko dute. Laugarrengoan, 60 ontzako bat ebaki beharko dute, eta ondoren zutikako 45 ontzako bat eta etzandako beste bat izango dituzte aurrean. Azkenik, bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu.

Floren Nazabal eta Aitzol Atutxa sailkatuta daude

Floren Nazabal eta Aitzol Atutxa ziren aurtengo Urrezko Aizkora irabazteko faborito nagusiak, eta biak Azpeitiko finalerako sailkatuta daude, onenak izan baitziren pasa den asteburuan jokatu ziren bi finalerdietan. Hirugarrena behar dute, eta gaur jakingo dute hori zein den. Hala ere, badirudi aurtengo txapela nafarraren eta bizkaitarraren artean dagoela. Gaur gertatzen dena gertatzen dela, hirugarren aizkolaria nafarra izango da, herrialde horretakoak baitira gaurko hirurak. J.L.