J.L.
Sokatira Lur gaineko Euskal Herriko Txapelketa

Gaztedik du denboraldiko lehen txapela lortzeko aukera handiena

680 kiloko azken jardunaldia jokatuko da gaur Mutrikuko Galdona auzoan, 17.30ean hasita. Azken saio honetara Gaztedi A iristen da txapela lortzeko aukera handienarekin.

Jadanik bi jardunaldi jokatu dira. Gorriek 13,5 puntu dituzte, eta baten aldea ateratzen diote Goiherri A taldeari. Bi horien artean egongo da txapela. Gaztedik irabazi edo berdinduko balu, txapela beretzat izango luke. Bigarren geratu eta Goiherrik irabaziko balu, kitarakoa jokatuko litzateke. Hirugarren posturako ere berdinduta daude Mutriku eta Gaztedi B, 9 punturekin. Goiherri B, Ibarra eta Goiherri C ere arituko dira.

Nafarroakoa

Nafarroako Goma Gaineko Lauko Txapelketako hirugarren jardunaldia ere jokatuko da; gizonezkoen 300 kilokoa eta emakumezkoen 245 kilokoa, hain zuzen.

Aipaturiko bi mailetan aurreneko jardunaldia jokatuko da. Gizonezkoetan, Txantrea, Kaskailueta, Amaiur A eta B, Berriozar, Basaburua-Imotz, Beti Gazte A eta Beti Gazte B izango dira aurrez aurre.

Emakumezkoetan, Txantrea, Amaiur, Berriozar eta Basaburua-Imotz lehiatuko dira. Pisu bakoitzean bi jardunaldi jokatuko dira, eta horren ostean jakingo da bakoitzeko txapelduna zein den.

Horiekin batera, kadeteen 280 kilokoa ere izango da. Lau jardunaldi jokatu beharko dituzte, eta gaur Berriozarren 18.00etatik aurrera jokatuko dena hirugarrena izango da.