Ruben Pascual
Kazetaria
IKUSMIRA

Urtebeterekin ere, kondenatua

Mikel Karrera preso iruindarraren alabatxoak hamalau hilabete baino ez dauzka, eta segur aski oraindik ez da jabetuko bere inguruan gertatzen denaz. Berbetan ikasten duenean, baina, kontatu ahalko du jada atxiloaldi bat pasatakoa dela, ordu dezente iraun duena, gainera.

Lerrook irakurtzen ari zaren zerorrek epaitu ezazu gertatutakoa: Reau Sud Francilieneko espetxera egin zuen bidaia, etxetik 800 kilometro baino gehiagora, aitatxo minutu gutxi batzuetan ikusi ahal izateko. Amatxok eskanerretik pasa behar zuen motxilan ahaztuta utzi zuen mugikorra. Hori baino ez. Despiste hutsa izan zela azaltzeko ahaleginak hutsalak izan ziren. Nonbait, funtzionarioei errazagoa zitzaien jendarmeei hots egitea, ama atxilo eraman zezaten, eta harekin alabatxoa.

Larunbatean, erredakzioan nengoela jaso nuen albistea, eta kolpatu egin ninduen. Berriak ez izanagatik, barrenak astintzen dizkigute oraindik ere halako gertakari larriek. Zaplazteko batez gogorarazten digute ziega espainol zein frantsesetan barreiaturik dauden euskal herritarrek pairatu behar duten egoeraren gordina. Esaten digute ezin onar dezakegula, oraindik ere, senideak senide izate hutsagatik astebururo milaka kilometro egitera kondenatuta egotea, horrek dakarren sarraski ekonomikoarekin. Horrekin bukatu beharra daukagula.

Ez gara politikaz ari, giza eskubideez baizik, eta horrexegatik da premiazkoa zauri hau ixtea, eta pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko diren agertoki bat eraikitzea. Denon artean eta denon hoberako. Jar gaitezen bidean, bada.