Atsegina eskuraezin
Non uzten ditu umeak aktoreak boloa daukanean? Antzokietan haurtzaindegiak paratu bitartean, gurasotasuna eragozpena izaten da aktoreentzat. “Satisfaktion” lanean, emakume aktorea izatearen gaiari heltzen dio Maria Urcelaik, nonbait, esperientzia pertsonaletik abiatuta.
Obraren estetika Khea Ziaterreren ildotik doa. Antzerkiola Imaginarioaren errautsetatik sortutako talde honek kultura angloamerikarretik edaten du, zinematik batik bat. Taularatzeetan irudien proiekzioak eta soinu-bandak pisu handia dute, eta zoru tematikoan, ugariak dira Hollywooden paradigmen erreferentziak.
Amatasunak dakartzan eragozpenak grafikoki erakusten dituen sarrera baten ostean, zinemaren atzeko atetik sartu ezinik dabilen prostitutaren bizitza erakusten zaigu, Hollywoodeko emakume mitiko zenbaiten itzala ikusmiran. Urcelaik ofizio handiz betetzen du espazio eta denbora osoa. Ahaldundurik eta umoretsu, etekina ateratzen dio bere gorputzari, eta ezin hobeto egokitzen zaion pertsonaia bat ontzen du.
Proposamen interesgarri bat da geratzen dena. Alex Gerediagak ikuskizunei ematen dakien akabera finarekin, interpretazio irekia eskaintzen dio ikusleari, taula gaineko emakumetasunaren inguruan gogoeta anitz sorraraziz. Tituluaren abestiak dioenez, asebetetzea emakume aktorearentzat lortzeko zaila den kontu bat da: eremu iheskorra, hasierako ametsen eta momentuko errealitatearen arteko tarte zabalegian galdua.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
