GARA
villabona

Joxe Mari Olarra preso ohiari «terrorismoa goratzea» leporatu diote

18/98 auzian epaitu eta 13 urteko kartzela zigorra jarri zioten Joxe Mari Olarrari, nahiz eta gero zortzi urte eta erdira jaitsi zioten kondena. Azaroaren 6an atera zen Pontevedrako A Lama espetxetik eta hurrengo egunean harrera egin zioten Villabonako herritarrek.

Egun horretan, diskurtso bat egin zuen Olarrak, eta esandakoagatik inputatu dute. «Bosgarren aldia da kartzelatik ateratzen naizela, baina bihotzez esaten dizuet merezi duela herri honen alde borrokatzea. Ez dakit borrokarako jaio nintzen baina borrokarako prest nago eta jarraitu egin nahi dut Euskal Herria independiente ikusi nahi dudalako. (...) Estrategia aldaketa ez da ixilik egotea. Estrategia aldaketa da tresnak aldatzea: tresna demokratikoen bidez, baina borrokaren bidez lortuko dugu herri honen askatasuna, lortuko dugu barruan daudenak eta kanpoan daudenak gurekin izatea», esan zuen Olarrak azaroan.

Hitz horiek direla-eta, apirilaren 10ean Auzitegi Nazional espainoleko 4. salan deklaratu beharko du, Andreu epailearen aurrean. Senideen arabera, «seguruenik prozesatu egingo dute». Olarra «lasai» baina «amorruz» dagoela aitortu zuten senideek, «esandakoari bere interpretazioa egin diotelako».