Epeak erabat agortuko ditu
Oraindik ezker eskua hazita du Zubietak eta bihar egingo duen proban hartuko du azken erabakia.

Ezker eskua oraindik hazita duela, atzo arratsaldean bertan berriz ere Logroñora joan zen Pedro Garciaren masajea hartzera. Esku horretan takorik jarri gabe egin zuen Aitor Zubietak atzoko material aukeraketa eta bihar goizean Etxarrin bertan edo Sakanako beste pilotalekuren batean egingo duen proba amaitu arte ez du atzelariak igandeko partida jokatuko ote duen erabakia hartuko.
Igandean bi eskuetatik oso juxtu amaitu bazuen ere, eskuinarekin ez du arazorik izango Zubietak. «Astelehenean tratatu genuen, kailua zikina zegoen baina ez irekia eta oraindik azala bigun xamar dagoen arren, gaurko eta larunbateko probarekin gogortuko da eta alde horretatik ez dago arazorik», azaldu zuen Astelenan.
Kezka ezker eskuak ematen dio. «Tendoia ukituta izanda, aste batean inori ez zaio eskuko mina erabat sendatu eta niri ere ez zait erabat osatuko», azaldu zuen atzelariak. Babesteko gunea zailegia ez den arren, pilotak tendoia ukituz gero asko hazten omen zaio eta horregatik takoak jartzerakoan asmatzeak berebiziko garrantzia izango du.
Takoekin asmatzea
«Larunbatean, esandakoa, frontoira joango naiz nire entrenatzailearekin, takoen poltsa eramango dut, ahalik eta modu gehienetan probatuko dugu eta, piloteatzea lortzen badut, bost eta erdi sei inguruan minik gabe, nahiz eta ez askatu, aurrera. Bostetik mina sentitzen badut, ikaragarrizko penarekin baina nik uste dut alferrikakoa litzatekeela igandean hona jokatzera etortzea», azaldu zuen.
Astea beste modu batera prestatzea nahiago zuen arren, medikutik medikura pilotalekuan baino askoz denbora gehiago pasatu du eta burua ahalik eta hobekien errekuperatzen saiatzen omen dauka.
Atzerapena eman ez izanari ere ez omen dizkio buelta gehiegirik eman nahi izan. «Nik ez dut hori baloratzen denborarik pasatu nahi, eta ez dut pasatu. Eskaera egin nuen, astebete oso ondo etorriko litzaidakeela esan nuen eta erabaki hori hartu behar zutenei ezetz iruditu zaie. Euren arrazoiak izango dituzte eta nik onartu egingo dut nahiz eta astea behar nuen».
Arrazoi horiek ez omen dizkiote eman eta berak ere ez ditu eskatu. «Hori ez da nire lana».
Ezkurdia-Zabaletak ez dute zalantzarik jokatuko duela
«A, nik ez daukat inolako zalantzarik eta aste osoan ez dut izan, badakit Aitorrek jokatuko duela. Oso zaila da Aitor igandean ez agertzea». Naturaltasun osoz erantzun zuen Jose Javier Zabaletak igandeko bere aurkaria nor izango den ziur ez jakiteak zalantzarik sortzen ote zion galdetuta. Antzera mintzatu zen honen bikotekide Ezkurdia ere. «Horren dudarik ez dago, Zubietak ez dio jokatzeari horren erraz utziko».
Era berean, biak bat etorri ziren ere, Etxarrikoaren egoerak euren jokatzeko modua moldatu behar ez duela azaltzerakoan. Materialarekin ere ez zen inolako kexurik izan.J.O.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
