GARA
BAIONA

«Macron legea» eta murrizketak salatu dituzte Ipar Euskal Herrian

«Austeritateari Stop» lelopean, sindikatuek deituta, greba eta mobilizazio eguna izan zen atzo Ipar Euskal Herrian «Macron legeari» eta honek dakartzan murrizketei aurre egiteko asmoz. Baionan egindako mobilizazioan, 1.500 pertsona elkartu ziren antolatzaileen arabera.

«Macron legearen» eta honek dakartzan murrizketen kontra mobilizazio eta grebak egin zituzten atzo sindikatuek deituta Ipar Euskal Herrian. Antolatzaileek adierazi zutenez, «soldaten, pentsioen eta gutxieneko sozialen emendatzearen alde eta langileen aldeko indar harremana eraikitzeko», egin ziren deialdiak.

LAB, CGT, FO, Solidaires eta FSU sindikatuek antolatu zuten sektore pribatuko eta publikoko lanbideen arteko mobilizazio eguna. Irakasleek, osasun arloko langileek edo France Bleuko langileek, besteak beste, lanuzteak ere egin zituzten egun bizi duten egoerarengatik beren kezka azaltzeko. Era berean, Biarritzeko aireportuan ere hainbat hegaldi bertan behera geratu ziren.

Baionako mobilizazioan 1.500 pertsona inguruk parte hartu zuten. Tartean ziren France Bleu Pays Basque irrati publikoko langileak, beren lanpostuen defentsan bi aste greban daramatenak, edota La Nive Itsasuko osasun zentrokoak ere.

Manifestazio amaieran, «Macron legearen» ondorioz sortuko diren erreformek «sakrifizio berriak ekarriko» dituztela nabarmendu zuten agiri baten bidez. Halaber, krisiaren hasieratik langileen egunerokotasuna «okertu» egin dela salatu eta denbora honetan, «soldaten izoztea, langabezia masiboa, enpleguaren prekarizazioa edo babes sozialaren aurkako erasoak» etengabeak izan direla azpimarratu zuten. Eta horrez gain, «nagusiei zergak kendu edo apaldu eta kaleratzeak erraztu» dizkietela gogorarazi zuten.

Egoerari aurre egiteko, politikak aldatu behar direla uste dute sindikatuek. Ildo horretan, «gizarte bazterketa ekiditeko», sindikatuen artean «fronte bateratua» sortzea proposatu zuten Baionan egindako mobilizazioaz gain, Donapaleun elkarretaratzea egin zen LABek deituta.