GARA
KIEV

«Propaganda komunista eta nazia» debekatu ditu Ukrainako Parlamentuak

Ukrainako Parlamentuak erregimen komunisten eta nazien propaganda debekatu egin zituen atzo, herrialdearen burujabetza kinkan ipintzen dutelakoan. Rada edo Parlamentua osatzen duten 422 parlamentarietatik 254k eman zioten aldeko botoa lege proposamenari.

Erregimen komunista eta nazien propagandaz gain, debekatuta geratzen dira sistema horien «izaera kriminala» publikoki ukatzea eta beren ikurrak erabiltzea. «Burujabetzaren, lurralde osotasunaren eta segurta- sunaren aurkako mehatxuak saihesten lagunduko du arauak. Gainera, Ukrainako nazioaren espiritua eta morala indartzen ditu», dio lege proiektuak.

Hori bai, lege berriaren aldekoek diote ez dutela ideologiarik debekatu, «hori onartezina baita herrialde demokratiko batean», Iuri Lutsenko diputatuaren hitzetan. «Lege proiektu honek erregimen totalitario guztiak debekatzen ditu, edozein koloretakoak izanda ere: faxista, komunista edo beste edozein. Erregimen totalitario guztiak debekatuta eta gaitzetsita daude Ukrainan», erantsi zuen Petro Poroxenko presidentearen alderdiko eledunak.

Onartutako legeak dioenaren arabera, Estatuak ikertu egin beharko ditu diktadura garaian egindako delituen inguruko informazioak. Radak atzo onartu zuen beste lege baten arabera, Munduko Bigarren Gerran sobietarren aurka borrokan aritu ziren erakunde politiko eta paramilitar guztiak legeztatzen dira, baita naziei laguntza emandakoak ere: «XX. mendean independentziaren alde borrokan aritu ziren pertsonek Ukrainako Estatua berrezartzeko garaian oso zeregin garrantzitsua izan zutela onartzen du Estatuak».

Ukraina Sobietar Batasunaren zati izan zen 1991 arte. Estatu berria 1991ko abuztuaren 24an sortu zen. Poroxenko Ukrainako komunistak legez kanpo utzi nahian ibili da hilabeteotan.