Jon LEUNDA
errugbia

Etxean galdutakoa kanpoan berreskuratu beharra dago

Zuri-urdinek Tolosan jokatuko dute gaur Stade Toulosainen aurka, 15.00etan.

Etxean galdutakoa kanpoan berreskuratu beharra dago, eta horixe egiten saiatuko da Baionako Aviron. Lapurtarrak puntuen premian daude, etxetik kanpo ez dira batere ongi moldatzen, baina onenekin lehiatzen jarraitu nahi baldin badute, hemendik aurrera ezingo dute huts asko egin.

Partida zaila dute gaur zuri-urdinek, Tolosara joan baitira, Stade Toulosainen aurka jokatzeko, 15.00etan, eta han garaipena lortzea oso zaila izaten da, eta Avironek Jean Dauguerretik kanpo daraman bidea ikusita, askorentzat ezinezkoa ere bada, baina garbi dago kirolean ezusteak ere gertatzen direla, eta Avironek handi bat emateko garaia ere badu.

Hala ere, ez da aurtengoa Okzitaniakoen urterik onena, eta agian han puntuak lortzeko une egokia izan daiteke. Noriegak ez du hamabostekoa ezagutzera eman, baina bai deialdia, eta honako hauek joan dira Tolosara: Pointud, Van Rensburg, Etrillard, Roumieu, Chocou, Igiñiz, Muller, Senekal, Taele, Chisholm, Fa’aoso, Marmuyet, Monribot, Macome, Olivon, Loustalot, Rouet, Fernandez, Ugalde, Lovobalavu, Rokocoko, Fuster, O’Connor, Bustos Moyano eta Spedding. Maxime Calon izango da partidako epailea.

Pro 2

Biarritzek, aldiz, Top 14rako bide horretan jarraitzen du, eta horretarako garaipena behar du. Bihar, 15.00etan, Carcasona hartuko du Agileran.