GARA
PARIS

Indiak erreaktore nuklearrak eta gerra hegazkinak erosiko ditu Parisen

Narendra Modi Indiako lehen ministroak atzo Parisen hasi zuen bisita ofizialak Europako industria Asiako herrialdera erakartzea du helburu. Bidaia aprobetxatuz, 6 erreaktore nuklear eta 126 gerra hegazkin saldu nahi dizkio Parisek. Alemania ere bisitatuko du Modik.

Narendra Modik atzo eman zion hasiera Europara egiten duen lehen bisita ofizialari. Indiako lehen ministroak Europako industria erakarri nahi du bere herrialdera, hori baita agintariek aipatu duten helburu nagusia. Aldi berean, frantses Estatuko Rafale izeneko gerra hegazkinak erosteko negoziazioekin jarraituko dute egunotan, Alemaniara joan aurretik, datorren igandean Hannover hirian munduko industria azokarik handienaren inaugurazioan esku hartuko baitu.

Modi eskuin muturreko politikariak «garapena, gobernamendu ona eta egonkortasuna» agindu zituen hauteskunde kanpainan. «Elkarrekin etorkizun loriagarria idatziko dugu Indiarentzat. Inor baztertzen ez duen India indartsu eta garatu batekin egin dezagun amets», erantsi zuen, botoak erakartzeko.

Inbertsioak eta lana agindu zituen, baina bere gustuko inbertsioak. Merkatu askearen bertuteak goraipatu ditu agintean egon denean; nahiago izan ditu korporazio handiak (Indiakoak zein atzerrikoak), pribatizazioak, gastu publikoaren murrizketak, gastu sozialaren beherakadak... «Bere lehentasuna kapital finantzarioa izango da beti», kritikatzen zioten ezkerretik.

«Pozik nago Make In India egitasmoan frantsesen esku hartzea indartzera Frantziara joateagatik», idatzi zuen Modik sare sozialetan. Defentsa arloko elkarlana nabarmendu zuen.

Industria

Indiako agintariek mundu osorako ekoizten eta esportatzen duen plataforma bihurtu nahi dute herrialdea. Bide horretan, atzo frantses Estatuko zenbait enpresarirekin bildu zen Narendra Modi. Gaur, Tolosan Airbusek dituen instalazioak bisitatuko ditu.

Paris hiriburuan Rafale gerra hegazkinen salerosketa izango da gairik korapilatsuena. «Mendeko kontratua» deitzen diote frantses hedabideek operazioari. François Hollande presidenteak berak aurreratu zuen bisita honetan ez direla erabat amaituko orain hiru urte hasitako negoziazioak. Egitasmoa oso anbiziosoa da, gerra hegazkinetako 108 Indian bertan egiteko asmoa baitute, eta horrek eskatzen du frantsesen teknologia Asiako herrialdera eramatea.

Indiako egunkariek diotenez, Modik oso garbi dauka salerosketa bizkortu behar duela eta, helburu hori lortze aldera, Estatu frantsesean egindako 40 Rafale erosteko prest dago.

Energia nuklearrari dagokionez, Parisek 6 EPR erreaktore saldu nahi dizkio New Delhiri: 10.000 megawatt.