«Oraintxe ez nuke Aitor Zubietaren azalean egon nahi»
Inauterietako Tolosako partida gogoangarri hartatik zuriz jantzi gabea da Markinako atzelaria. Tartean gauza asko pasatu zaizkio, eskuko minak, txapelketari uko egin behar izatea, bere bikotekidea finalera heltzea... Beti bezala umoretsu eta jator hartu ditu guztiak eta gaur itzuliko da Iruñean kantxetara, Aimar Olaizola lagun duela Urrutikoetxea eta Beroizen aurka.

Kirolaria kantxan edo kantxatik kanpo izan daiteke txapelduna. Iaz ihes egin zion Binakako txapelak Markinako atzelariari, baina gizalegean «crack» bat da atzelaria.
Amaitu da kalbarioa?
Amaitu da, baina oraindik zalantza handiak dauzkat, horrenbeste denbora jokatu gabe eta horrenbeste eskuko min pasatu eta gero beti daukazu zalantza hori, baina jokatzera irten behar da, etxean ezin naiz geratu.
Entrenamendu on batzuk eginak izango dituzu?
Bi bat aste nahiko serio nabil entrenatzen, nahi bezain ondo ez, baina etxean egonda ezin da pilotan egin eta erritmoa hartu behar dut udarako. Minik ez daukat eta joko puntu handia falta zait, baina pentsatzen dut partidak jokatuz hartzen joango naizela.
Enpresak badu konfiantzarik zurekin, partida zaila jarri dizute...
Bai, azkenean pentsatzen dut ni enpresarekin ondo portatu naizela eta eurak ere bai nirekin. Presiorik ez daukat, baina estelar bat da, telebista dago...
Zer pentsatzen da orain zure bikotea finalean ikustean ?
Inbidia sanoa. Pena ematen du, baina nik eurek irabaztea nahi dut eta beti euren alde egon naiz, bai Oinatzengatik eta baita Alvarogatik, uste dut merezi dutela. Pentsa daiteke ni egon nintekeela, baina nik banekien ez neukala behar zen joko hori, Alvaro ni baino askoz hobeto zegoela. Poza bai, inbidia ere bai, baina merezita dute.
Badaukat Bilbora finalera joateko asmoa, ez daukat eurak animatzeko problemarik eta gainera pilota gustatzen zait.
Irabaziz gero, txapelaren parte bat, txortena bada ere, zurea izango da?
Ez, ez [sendo]. Nik nahi dudana nire lana da. Azken batean, eurek irabaziko dute txapela, eurek egin dute sekulako jokoa finalerdietan eta finala irabazten badute eurek irabaziko dute, txapela eurena da oso-osorik.
Eurekin hitz egin duzu?
Bai, izan naiz berbetan eta, normala den moduan oso pozik daude. Ni oroitzen naiz iaz nola nengoen garai honetan eta berezia da, oso polita. Orain eurei tokatzen zaie bizitzea eta disfruta dezatela.
A ze aldaketa izan duen Untoriak.
Bai, derrepentean izan da gainera. Oso ondo hasi zen jokatzen eta gero eta gehiagora doa, azken batean beretzat eta guretzat ona da hori, nahiz eta udan estelarrak jokatzeko konpetentzia izan. Baina, azken batean, guk onenenekin jokatu nahi dugu eta Untoria on batekin gustua ematen du jokatzeak.
Eta Oinatz, txapelketako onena?
Bai, bai, ikusten da nola dagoen, hartzen duen guztia amaitzen du eta konfiantzaz gainezka dabil, kantxa barruan disfrutatzen eta kanpoan ere oso ondo, beti barrezka eta aurpegian nabaritzen diot nik, eta pozten naiz.
Eskuetatik majo sufritutakoa zara, zer pasa daiteke orain Aitor Zubietaren burutik?
Gauza asko. Oraintxe ez nuke bere azalean egon nahi; finalean sartzeko aukera handia eskura, Ezkurdia-Zabaletaren aurka. Atzean asko zigortzen duten pilotari bi dira, gainera Pablok berak ere dominatzen duen atzelari bat behar du eta Aitorrek lanak izango ditu bere eskuekin. Baina nik badaukat beragan konfiantza hori, Pablorekin ere bai eta oso kontuan hartzeko bikotea da biharko partidarako, nahiz eta eskuetatik ez oso santu egon.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
