Prospekzioa bukatuta, hezurrak ateratzen hasiko dira aurki Ezkaban
Herenegun Ezkabako Espartzeta aldean hasitako lanak bukatutzat eman zituen atzo Aranzadik. Lekuko bizien arabera, duela ia 77 urte San Kristobal presondegitik ihes egindako bost lagun fusilatu eta lurperatu zituzten bertan. Oraingoz, biren hezurrak topatu dituzte.

Patu krudela aurkitu zuten Ezkaba mendiaren tontorreko San Kristobal gotorlekuko bizi baldintza gogorretatik ihes egin nahi izan zuten presoek. 795 lagunetatik hiruk soilik (lau, historialari batzuen arabera) lortu zuten xedea: Estatu frantsesera iristea.
Aunitz giltzapean sartu zituzten berriro, eta 200 baino gehiago hil egin zituzten. Horietako biren aztarnak aurkitu dituzte orain mendi magalean, Berriozarko lurretan, bertakoek Esparzeta izena eman dioten parajean. Herenegun ekin zioten Aranzadiko teknikariek prospekzioari, Udalak eskatuta (5.000 euroko aurrekontua bideratu dute hezurrak aurkitu eta ateratzera), eta atzo amaitutzat eman zituzten lanak.
Malkoen azpian atseden
Raul Maiza EH Bilduko alkateordeak GARAri jakinarazi zionez, seguruena datorren asteburuan, apirilaren 18an eta 19an aterako dituzte topatutako aztarnak hobitik. Bitartean, herritarren poz eta minezko malkoen azpian, eta zientzia elkarteak ezarritako estalkien azpian hartzen dute atseden azkenean, kasik 77 urte geroago, argia ikusi duten bi lagunen hezurrek. Oraindik, toki berean, bertze hirurenak daudela oroitzen dute lekuko biziek, 90 urterekin teknikarien lanak jarraitzera igo den Juanito Urdanizek kasu.
Horregatik, ekinean jarraituko dute horiei ere duintasuna emateko eta bostei batera bere garaian 24 biztanle zituen herriak egin ezin izan zien omenaldia eta aitorpena egiteko.
Nafarroa bertan bertze mila pertsonaren hezurrak daude halako hobietan, aitorpen eta lurperatze duin baten esperoan.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
