Ariane KAMIO
DONOSTIA

«Mundu berria» musikatik eta poesiatik begiratuta

Tenporaren lan luzea da «Mundu berria». Juantxo Zeberioren konposizioek eta Karlos Linazasoro eta Harkaitz Canoren olerkiek osatzen dute hamabi kantutako lehen lan luzea. Elene Arandiaren ahotsak biltzen ditu elementu guztiak. Bera da taldeko gazteena.

2013an sortu zen Tenpora. Olerkiak eta melodia soilak. Musika estiloen nahasketa, definizio zehatz bakarrik gabea; popa, jazza, rock progresiboa... Hilabete batzuetara grabatu zuten lehen maketa, sei kanturekin. Beraientzat propio sortutako lana, entseguetatik kanpo, estudioan nola grabatzen zuten ikusteko eta beraien buruak entzuteko. Emaitza onak, baina, bidea urratzen jarraitzera eraman zuen taldea. Orain kaleratu dute lehenengo lan luzea; “Mundu berria”.

Izen klabeak badaude taldean; Juantxo Zeberio (pianoa) edo Hasier Oleaga (perkusioa). Baina ez da esperientziadun ahotsen banda soilik. 23 urterekin, taldearen sorreraren lekuko izan zen Elene Arandia eta berak eman ditu diskoaren zertzelada zenbait.

Hamabi kantu eta errealitatea oinarrian. «Gure kantuetako baten izenburua da ‘Bai Mundu Berria’ eta diskoari izen berbera eman diogu iruditzen zaigulako gaur egungo errealitatearen isla ere badela», azaldu du. Karlos Linazasoro eta Harkaitz Canoren lumetatik ateratako letrak dira kantuen esanahien garraiobideak. Denboraren igarotzea, maitasuna, krisia, egunerokoan sentitu eta bizitzen diren egoera eta oroitzapenen zakua... Nola bizi den jendea, baita musikariak ere; kultura, bere baloreak eta egun zenbaterainoko garrantzia ematen zaion.

«Musikaren estilo aldetik etiketa jarri behar izan diogu, bestela kanpotik jarriko zioten-eta», nabarmendu du bromatan Arandiak, taldeko ahotsak. «Nolabait definitzearren, pop eta jazz estiloak jorratzen dituen musika izango litzateke guk sortzen duguna. Nolanahi ere –jarraitu du–, estiloak horiek bakarrik direla esatea arriskutsua iruditzen zaigu. Diskoa entzun dutenek esan dute rock progresiboaren ukitu bat baduela, edo souletik ere edaten duela... Azkenean horrek erakusten du taldekide bakoitzak bere erreferentzia musikalak dituela eta ezin dela definitu estilo zehatz bakarrean», gaineratu du.

Gazteena

25 urterekin taldekide gazteena da Elene Arandia –Zeberio eta Oleagaz gain, Itsaso Etxebeste (baxua) eta Beñat Barandiaran (gitarra) ere taldean dira–. Zortzi bat urterekin abiatu zituen musika ikasketak baina azken urteetan autodidakta moduan aritu dela aitortu du, «dena nire kontura». Talde gorpuztu batean bere lehenengo esperientzia da Tenporarena, baina badu hezurdura finkatzen ari den beste proiektu bat ere; Barrua Truk. «Duela hiru urte inguru sortu genuen. Sul, funky eta musika beltza ditu oinarri, baina erritmo desberdin batean aritzen gara bertan. Ahal dugunean geratzen gara eta apurka goaz gure kantuei forma emanez», agertu du.

Zeberio ezagutu zuenekora itzuli da, bi urte atzerago. «Kaletik ezagutzen nuen, Tolosan oso ezaguna baita, baina merkatariei zuzendutako gala batean kointziditu genuen. Bide desberdinetatik batera jotzeko deitu ziguten. Bertan ezagutu genuen elkar eta nere ahotsa gustatu zitzaion, antza. Hilabete batzuen buruan proiektuan parte hartzeko proposatu zidan», azaldu du.

Martxoan egin du bigarren urteurrena Tenpora taldeak eta diskoa zuzenean aurkezteko dagoeneko data batzuk finkatuta dituzte. Ekainaren 13an Tolosako Topic zentroan izango dira eta uztailaren 19an Eako Poesia Egunetan eskainiko dute emanaldia. Beste leku batzuk hitzartu dituzte dagoeneko, baina data zehatzik gabe.