ETXEBESTIA ERAIKINA: ORTZAIZE HERRIARENA ALA JAINKOARENA IZANGO DA?
Datorren astelehenean jakinaraziko du Baionako Lehen Auzialdiko Epaitegiak Nafarroa Behereko herrian bazterrak nahasi dituen eztabaidari buruzko ebazpena. Herriaren bihotzean dagoen eraikin handi baten erabilera publikoa dago jokoan.

Etxebestia etxaldea eta kristau eskolaren gainean kokatutako etxebizitza bat Baionako Artzapezpikutzari dohaintzan emateko erabakiak aurrez aurre jarri ditu ortzaiztar bat eta Alliet gotzainak zuzentzen duen elizbarrutia. Eraikin horiek Garbi irabazi asmorik gabeko elkartearenak ziren, baina duela ia hiru urte Baionako Elizbarrutiari eman zizkion. Elkarteko kide Graxi Etxebeherek, erabakiarekin ados ez eta, epaitegietara jo zuen eta elkartearen batzar orokorrak hartutako erabakiak bertan behera uzteko eskatu. Martxoaren 2an egin zen epaiketa, herritar talde bat salaketa jarri duenari babesa agertzeko bertaratu zela.
Atzoko zegoen aurreikusia Baionako epaitegiaren ebazpena. Astebete atzeratu dute, ordea, lanez gainezka dabiltzala argudiatuta. Datorren astelehenean, apirilaren 20an, jakinaraziko dutela zabaldu dute epaitegietako iturriek.
Herriko ikurra
Ortzaize erdi-erdian dago Etxebestia, inguruan zinema, eskola eta ezker pareta bat dituena. Egoera kaskarrean dago eta konponketa gastu handi samarrak ditu.
Horretxek eta egun erabilera eskasa izateak eraman zuen Alliet gotzainaren hurbilekoa den elkarteko zuzendaritza ondasunak Elizari dohaintzan emateko erabakia hartzera. Jabetza bere eskuetara pasatzearen baldintza jarrita, konponketa gastuak bere gain hartzeko prest agertu zen Gotzaintza. Eraikin horietan kristau ikasbidea emateko gelak eta apaiz-etxea lekutzeko xedea aurkeztu zuen. Proiektu berriak 400.000 euroko kostua luke. Asmo horiek eta urte luzez herriko dinamika sozialean ikur izan den eraikin bat galtzeko arriskuak, ordea, gaia auzitara eraman duen liskarra piztu dute.
Laharraga familiak eman zion Garbi elkarteari Etxebestia etxaldea dohaintzan 1950eko hamarkadan, bertan eskola katoliko bat ezar zedin, bai eta Elizaren inguruko nahiz kultura eta jendarte mailako ekimenak han egin zitezen. Urte luzetan halaxe izan da. Lekaimeak ere bizi izan dira bertan zaindari, 1990eko hamarkadaren hondarrera arte. Aro horretan guztian garrantzizko funtzio soziala betetakoa da tokia, beraz, mila biztanle ozta dituen Nafarroa Behereko herrian. Aldiz, azken hogei urteetan erabilera murrizten joan da, harik eta kristau ikasbidea ia jardun bakarra bilakatu den arte. Eraikinaren zaintzak eta txukunketak ere hein berean egin dute behera. Egoera horrek ekarri du zirt edo zart egin beharra.
Arpilatzea ala helburuei eustea
Garbi elkarteko zuzendaritza ez zen Elizari eraikinak dohaintzan ematera mugatu. Elkartearen helburuak ere eraberritu ziren Batzar Orokor berean. Ondorioz, herri ondarearen arpilatzea xede duen operazio bat ikusten du horren guztiaren atzean salaketa jarri duen herritarrak, Graxi Etxebehereak, elkarteari funtzio erlijiosoa soilik aitortzen baitzaio estatutu berrietan. Estatutu aldaketa horrek, beraz, erlijioarekin zerikusirik ez duten ekimenak Etxebestian antolatzeari ateak ixten dizkio.
Bestetik, Garbi elkarteak erabilera eskubidea mantentzen du gaur-gaurkoz, baina berau desagertuko balitz Baionako Gotzaintza bilakatuko litzateke ondasun horien jabe bakar. Garbi elkarteak hartutako bi erabaki horiek bertan behera uztea da Etxebeherek eskatzen duena.
Elkartearen egungo zuzendaritzak, aldiz, erabaki horiek guztiak aurrera eraman dituenak, etxearen dohaintzaren xedeei bete- betean lotu zaiela defendatzen du. Elizari eta parrokiari utzi zizkiela, alegia, bere garaian ondasunak Laharraga sendiak eta ez dutela, ortzaiztar batzuek defendatzen duten gisan, erabilera sozial nahiz kulturalik ez Etxebestiak, ez eta etxebizitzak ere. Alabaina, herriari zuzendutako erabilera zabala jasota geratu zen laharragatarrek bere garaian sinatutako hitzarmenean.
Orain Baionako epaileak erabakiko du nork duen arrazoi. Arrazoi juridikoa bederen, lege sokatira honetan.
Herritarren gehiengoak ezetz esan zion dohaintzari
2012ko presidentetza hauteskundeetan ortzaiztarrek ez zuten Francois Hollande egungo frantses presidentearen eta kargua berritu asmo zuen Nikolas Sarkozyren artean hautatu soilik.
Etxebestia eraikina Baionako Artzapezpikutzari emateko erabakia hartzeko atarian, egun berean Nafarroa Behereko herrian eztabaida gori-gori zela alajaina, galdeketa deitu zuten eraikin horiei herri erabilera eman asmo zien gazte talde batek.
Erroldan izena emandakoen %82 bertaratu ziren presidentetzarako botoa ematera; %48, Etxebestiaz iritzia ematera. Gehiengo zabala, galdeketan parte hartu zutenen %89,78 hain zuzen, Elizari dohaintza egitearen aurka agertu zen. Aferak herrian piztu zuen kezka eta interesa erakusten duen datua da inondik ere.G. M. Z.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
