Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren promoak (II)

Musika taldeen promozio bideak biderkatu egin dira, gehiago, eztanda txundigarria lortu ere bai sare sozial eta hainbat musika atari profesional zein amateurrekin. Orain arteko mota guztietako hedabideetan lan erraldoia egin behar izaten zen talde eta diskoaren ikusgarritasuna bermatzeko. Irrati, egunkari, telebista, aldizkari, fanzine eta abarretako espazio fisikoek baldintzatzen zuten taldearen ikusgarritasuna. Talde ospetsuek erraztasun handiagoa zuten musikaren oihanean tokia egiteko. Talde xumeek gune fisiko horiek eskuratzeko zailtasunak izateaz gaindi, agian ez zuten promozio atala landuko zuen lagun edo profesionalik. Hedabideetako espazioak ezinbestekoak izan dira taldeen ospea areagotzeko, baina espazio horien gabetasunak, ordezko bideak sakontzera zeraman. Zuzeneko asko jo ondoren eta taula gainean eskainitako ikuskizunak jendea txunditzeko gaitasuna bazuen, ahoz ahoko kanpainak taldeari musikaren promozio zirrikituak ireki ohi zizkion. Egun ere bai. Ahozko propaganda guztia promozio bihurturik. «Propaganda» hitzari aurki dakizkioke «promozio» terminoari baino usain ezkorragoak. Propagandaren iturburua lotuta dagoelako bultzatu nahi den xedearen inguruko jendearengatik, norberarengatik. Propagandak norberaren galbahe txikia du. Propaganda da norberak norberaren gainean egindako promozio kanpaina. Promozioan promozionatzen dena kanpoko eskuetan egoten da. Baina bai propagandak eta promozioak azaldu nahi dituzte disko eta taldeen bertute bikainak, nahiz eta agian ez eduki ezer.