Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Tunelekoa argira!

Zeinek esango zuen! Berlingo harresiaren harri-hondarrak, euroak euro, Erdialdeko Europako hondartza nagusietan, turistentzat salgai, sakabanatu zituztenetik urte dezente pasatu direnean, noiz eta orain, non eta Gipuzkoan, hara! berriro ere esnatu dira orduko ekialde hartako mamuak. Bai, Stasi! Edo kasik! Hala mintzatu da KGBko esatari bat, Kutxatar Gipuzkoako Batzarburu bera. Hainbeste Ikerketa+Garapena gora eta hainbeste Berrikuntza behera, azkenean eurek sinetsi ez. Horientzat ditxosozko innobazioa lege zaharretara bueltatzea ei da, atez atekotik ahalik eta urrunen, edozein azpiegituraren ahalik eta hurbilen, alardearen alardean.

Ikertzea funtsezkoa da, passion for knowledge esango luketela batzuek, funtsezkoa ilunari argia emateko. Ustez mugitzen ez diren lurrak mugituak izan balira bezala fakturatzea argia eskatzen duen iluna da; etekina da helburu, betekina ez balego ere. Ustezko hori izan bada lur gainean kontuak atera zer ez den, ustez, izan lur azpian. Kontuak atera, bai, badaezpada, fakturatu aurretik. Ama, ama, zer ez duten tunelek gordetzen! Jainkoak behintzat baleki! Total, hasita nago ni ulertzen nondik datorren «azpiegitura» izen hori, eta nago egitura aitzakia dela inportanteena dena ezkutatzeko: azpia. Tunelak gehienetan. Ustez, betiere.

Tuneletan neurtzen omen dute batzuek azpiegitura baten estrategikotasuna. Beti pentsatu dut estrategiko jotzen dutena hondeamakinak berak direla, eta azkenotan tunelak ere, hainbeste bideo-zaintza lurrean, hainbeste meteosat eta meteosatoste airean, gero eta eremu gutxiago dute lur-gainean itxurazko lanak egiteko. Satorrek behintzat lurra mugitu egiten dute, eta gainera fakturatu ez. Izenak izen, bada garaia halakoei «herri-lanak» ez esateko. Hobeto uste-lanak. Ustelak uste! Ikertu behar, lurraren izenean egin ere, politikan ezin bada, justizia izenekoan.