GARA
BILBO

Michael R. Steves-ek «Clinger» film luzea estreinatu du FANTen

FANTek Michael R. Steves zuzendari estatubatuar gaztearen lehen lanaren, «Clinger»-en, estreinaldia jaso zuen atzo. Gaur, Manuel Carballoren «Retornados» eta Alex Angulo izango dira protagonista.

Michael R. Steves Texaseko (AEB) zinemagile gazteak “Clinger” (2015), bere lehen film luzea, estreinatu zuen atzo FANT Bilboko Zinema Fantastikoko Jaialdian. Filma Sail Ofizialean lehiatuko da.

Naturaz gaindiko komedia da “Clinger”, Fern Petersonen istorioan oinarritua. Institutuko mutil-laguna istripu bitxi batean zendu ostean, Fernen bizitza goitik behera aldatuko da eta gauzak are okertuko dira mutil-laguna mamu maitemindu eta jeloskor gisa itzuli eta, biak beti elkarrekin egon daitezen, Fern hiltzen saiatzen denean.

Filmeko protagonista Vincent Martella da. “Phineas & Ferb” umeentzako marrazki bizidun saileko protagonista den Phineas Flynnen jatorrizko ahotsa da eta “The Walking Dead” telesail ezagunaren hiru ataletan ere agertu da.

Orain artean Stevesek, Houstoneko 24 urteko idazle eta zuzendari gazteak, beldurrezko film independenteetarako gidoiak idatzi eta publizitate iragarkiak zuzendu izan ditu, eta “Clinger” sortzeko ideia 2013an bururatu zitzaion, Wesleyko Unibertsitatean Zineman eta Nazioarteko Harremanetan lizentziatu ostean. “Clinger” izango zenaren ekoizpena hasi ahal izateko behar adina diru biltzeko, Steves&bs;ek zenbait lagun bildu eta crowdfunding edo finantzaketa kolektibo kanpaina bati ekin zioten.

Fantrobia saria

Aurten, FANTek Hatem Kraiche Ruiz-Zorrilla Salamancako gidoilariari emango dio fantasiazko generoaren barnean indarra hartzen ari den pertsona edo talderen bati eskaintzen dion Fantrobia saria, eta gaur bertan izango da gidoilariaren “Retornados” filma ikusteko aukera, 17.45etik aurrera Alondegiko Golem zinemetan.

Manuel Carballok zuzendutako film horretaz gain, Andres Baiz-en “La cara oculta” (2011) filmeko gidoilaria ere bada Kraiche eta hainbat film labur ere zuzendu ditu. Egun, film luzeen zuzendari gisa egingo duen debuta prestatzen ari da. Jakinarazi duenez, “Órbita” izenburua izango duen zientzia fikziozko film honetan ere, aurrekoetan bezala, ezer ez da dirudiena.

Filmaren ostean FANTek iazko uztailean zendu zen Alex Angulo antzezlea omenduko du saio berezi baten bidez. Hala, Maisuak ziklo paraleloaren barnean Alex de la Iglesiak zuzendutako “El día de la bestia” film ezaguna ikusi ahalko da, areto komertzialetan estreinatu zenetik bi hamarkada betetzen diren honetan. Saio berezia 20.00etan hasiko da Golem-Alondegia zinema aretoetan. Informazio zabalagoa, www.fantbilbao.net orrialdean.