GARA
DONOSTIA

Zergen «kontrarreformaz» ohartarazi du EH Bilduk

Zerga politikak aurrez aurre jarri zituen atzo berriro EH Bildu eta EAJ Gipuzkoan, Xabier Olanok eta Markel Olanok, biek, gai horri garrantzi handia eskaini ziotelako, lehenak prentsaurreko batean eta bigarrenak Beasainen egindako ekitaldi batean.

Helena Franco Ogasun arloko diputatua ondoan izan zuen Xabier Olanok. Gobernua aldatuz gero, «kontrarreforma» etorriko dela aipatu zuten biek. «Labur esanda, pribilegioetara itzuli nahi duten Gipuzkoako aberatsenen interesak nagusitzea edo 700.000 herritarrenak nagusitzea, hori da hauteskundeetan jokoan dagoena», adierazi zuen EH Bilduk.

Legealdi honetan eragindako aldaketen berri zehatza eman zuen Francok. Hasiera-hasieratik, ondarearen gaineko zerga berrezarri zutela, errentaren gainekoan kapital errenten zerga-ordainketa handitzen joateko proposamena egin zutela eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren moldaketa batzuk ere abiatu zirela. Hala ere, horien gainetik bi ekimen nagusitu dira: aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zerga berria eta sozietateen mozkinen gainekoa. Iruzurraren aurkako borrokan ere nabarmen aurreratu dela gogora ekarri zuen Ogasun diputatuak.

Horrekin guztiarekin, «herritar guztien interesen araberako fiskalitatea martxan jartzea posible zela erakutsi dugu», esan zuten EH Bilduko ordezkariek. Baina dena hankaz gora gera liteke berriz PSE eta PPren laguntzaz EAJk agintea hartuko balu.

Markel Olano: «Inposizioa»

Guztiz bestelakoa da Markel Olano jelkideak aldaketa horiez duen iritzia. Beasainen esan zuenez, «inposizioa» eragin du EH Bilduk esparru honetan ere, eta aldi berean «ekonomia ez du lagundu».

Aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zerga ezabatzeko prest ageri da Markel Olano hauteskunde kanpainan. Atzo argudiatu zuenez, «ateratako etekinak enpresan berrinbertitu nahi dituen enpresariari kalte egiten dio».

Horrez gain, beste euskal lurraldeekin harmonizazioa behar dela aipatu zuen EAJko ahaldungai nagusiak. «Gainerakoekiko desabantaila du Gipuzkoako ekonomiak, eta hori ezin dugu onartu», adierazi zuen. Hori dela eta, bera agintean bada, egiten diren moldaketa guztiak Araba eta Bizkaiarekin lerrotuta egongo direla defendatu zuen.

«Industria eta ekonomia laguntzeko zerga sistema egokia izatea ezinbestekoa da», berretsi zuen Markel Olanok. Eta hari horri tiraka, EAJren lehenengo helburua «ekonomia eta enplegua bultzatzea» direla nabarmendu zuen, horiexek direlako herritarren kezka nagusiak, ez besterik.