Amalur ARTOLA
«ARRAKALATUTA» JARDUNALDIAK

Lehergailua emakumearen gorputza bera denean

Adriana Cavarero pentsalari italiarra Donostian da egunotan, «Arrakalatuta» jardunaldietan parte hartu eta, bide batez, bere azken liburua aurkezteko.

Kaxildako lantaldeak antolatutako “Arrakalatuta” jardunaldietan mintegi berezi bat eskaini zuen atzo Filosofia Politikoan katedraduna eta Veronako Unibertsitateko irakaslea izateaz gainera hainbat liburu argitaratu dituen pentsalari italiarrak, besteen artean “Le filosofie femministe” (1999), “A più voci. Filosofia dell’espressione vocale” (2003) edota mintegiak abiapuntutzat hartu zuen “Orrorismo. Ovvero della violenza sull'inerme” (2004; gaztelaniaz, “Horrorismo. Nombrando a la violencia contemporánea”). Argitalpen horretan, Cavarerok baieztatzen du «gerra», «aurkaria» edota «terrorismoa» hitzak ez direla nahikoa biolentzia garaikidea izendatzeko eta, trukean, orrorismo terminoa proposatzen du. Auschwitzeko kontzentrazio esparrua, mitologia grekoko Medusa eta Medearen irudiak, Abu Ghraib (Irak) espetxeko tortura kasuak edota emakume-lehergailuen fenomenoa adibide gisa erabilita, begia ekintza burutzen duen horren zaurgarritasunean jarri eta hausnarketa berriak abiatzea proposatzen du italiarrak.

“Arrakalatuta” jardunaldietan zaurgarritasunaren gaineko hausnarketa egiten ari dira eta, hain zuzen, biolentzia garaikide edo orrorismo hori azaltzerakoan Cavarerok ezberdindu egiten ditu pertsona zaurgarria eta babesgabea. Pentsalari italiarraren hitzetan, izugarrikeria (italierazko orrore) babesteko aukera oro desagertzearekin batera agertzen da eta mundu mailan hori bideratzen duen paradigma aldaketa bat gertatu dela uste du: konfrontazio egoeretan, aurkariak babeserako aukera, eskubideak eta etsaiaren nolabaiteko errespetua izatetik, izaki babesgabe izatera igaro da, jada ez du bere burua babesteko baliabiderik. Figura berri hori litzateke, Cavareroren hitzetan, pertsona babesgabea; eskubideak eta biolentziari erantzuteko aukera galdu dituena. Eta, beraz, pairatzen duen biolentziaren aurrean biluzik dagoena.

Mintegian, emakume-lehergailuak jarri zituen orrore horren adibide. Body bomberen kasuan «gorputza arma ez den arren», gizartearen imajinarioan eztanda egiten duena gorputza da eta «eztanda egiten duena emakumea denean, bizia emateko gai den gorputz bera da bizia kentzen duena. Eta hori ulertezina egiten zaigu». Emakumeen gorputza orrorismorako «ezinbestekoa» dela dio, «merkea delako eta testuinguru batzuetan emakumeek gutxi balio dutelako», eta ideologiak eta bizi duten errealitateak eurengan duten «eragin bortitza» ere nabarmentzen du. «Baina gai hau lantzen duten kazetari eta ikertzaileak, gehienetan emakumeak direnak, erantzukizun hori kentzen saiatzen dira barne-gatazka sortzen zaielako. Nik ere gatazka daukat hori ulertzearekin, baina, ekintza horietan duten erantzukizuna kentzen saiatzen garenean emakume horiek gutxiesten ari gara».

Gaur, liburu aurkezpena

Cavarerok Euskal Herrira egin duen bisitaldia aprobetxatuko du bere azken liburua, “Inclinazioni. Critica della rettitudine” aurkezteko. Momentuz italieraz soilik irakur badaiteke ere, ingeleserako itzulpena udarako egongo dela iragarri du.

Homo erectus-aren tentetasuna (italierazko rettitudine) abiapuntutzat hartuta, bertikaltasuna bertutetzat hartu izan dela mantentzen du Cavarerok liburuan, baina, posizionamendu politiko-moraletik begiratuta, horrek independente izatea bideratzeaz batera hartu-emanak oztopatzen dituela dio: «Egungo sistema politikoetan autonomia eta askatasunaren kontzeptuak norbanakoarenak dira, eskubide batzuk ditugu norbanakoak garelako. Eta horrek subjektuaren indibidualizazioa dakar. Nik kritika egiten diot kontzeptu horri eta inklinazioa proposatzen dut». Figura sinbolikotzat ama haurrarengana hurreratzen denean egiten duen aurrerako keinua hartuta, benetako bertutea besteenganako inklinazioa dela dio, «hori egiten duena subjektu altruista da eta subjektu tentea, berriz, berekoia».