Ibiliz egiteko indarra Bilboko Harrobian
Maiatzeko azken egunean Bizkaiko ikastolen jaia hartuko du Bilbok, Harrobia zentroak antolatua. Honek kalitatezko eta euskarazko Lanbide Heziketa eskaintzen du hirian bertan. 16 eta 65 urte bitarteko ikasleak ditu. Ibilaldian, «Harro ibili» esan nahi die bere ikasleei, izan direnei, direnei eta izango direnei, baita enpresei eta jendarteari ere. «Harro ibili», langile euskaldunen harrobia sustatu nahi dutelako eta, zer hobetu izan arren, ibiliz egiteko indarra dagoelako.

Harrobia Lanbide Heziketako zentroak antolatu du Ibilaldiaren 37. edizioa, eta dena prest du maiatzaren 31n Bilbo euskaltzaleen pausoz betetzeko, oraindik Korrikaren oinatzak bizi-bizi daudela.
Biltzen den dirua eraikin berriaren proiektua ordaintzeko erabiliko du ikastolak. Hasierako eta bizitza osoko kualifikazio prozesuak bultzatzen dira bertan. Lanpostua lortzeko, eusteko edo hobetzeko gaitasunak lantzen dira, bai besteentzat lan egiteko eta bai enpresa egitasmo berritzaile bat hasteko. Hori dena euskaraz.
Zea Maysen kantua
Zea Mays Errekaldeko taldeak musikatu duen leloak, hasteko, ikastolaren izenari egiten dio erreferentzia eta, hortik abiatuta, beste ideia askori. Adibidez, “Harro ibili” esan nahi diete ikasleei, gaurkoei, iragan direnei eta etorriko direnei, «kalitatezko Lanbide Heziketa batean eta euskaraz ikasi(ko) dutelako eta beren itxaropenak bete(ko) dituztelako». Harro ibili, «euskara lanpostura eramateko gai izan direlako eta izango direlako; langile euskaldunen harrobia sustatu nahi dugulako». Harro ibili, Euskal Herriko enpresen beharrei erantzuten dietelako, eta, oraindik «asko hobetu behar» bada ere, «ibiliz egiteko indarra» dagoelako.
Harrobia Lakuako Hezkuntza Sailak baimendu eta itundutako zentroa da eta Kirol Irakaskuntzetarako Ikastola baimendua ere bada. Kooperatiba elkartea eta irabazi asmorik gabeko erakundea da. Portugaleten jaio zen 2001-2002 ikasturtean Ibar Ezkerra izenarekin, eta Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba elkartearen partaide da. 2011tik aurrera lanbide prestakuntza zerbitzua eskaintzen du Bilbon.
Oraindik Ibilaldirako baino denbora gehiago falta da, baina urriaren 4an izango den Kilometroak jaiaren inguruan aspaldi hasiak dira lanean usurbildarrak. Hiru ildo jarraitzen ari dira bai jaiaren aurreko sentsibilizazio eta prestaketarako eta bai Kilometroen egunerako: parekidetasuna, jasangarritasuna eta inklusibitatea. Horiek aintzat hartuz, komun unibertsal bat diseinatu eta egiteko hitzarmena sinatu dute Kilometroak 2015eko lantaldeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak.
Kilometroak, eredu positibo
Itunaren bidez, komun bat eraikiko dute jende guztiak erabiltzeko modukoa, gizon-emakumeek eta desgaitasunen bat dutenek. Material biodegradagarri, berrerabilgarri eta birziklagarriekin egingo dute.
Ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatu nahi dituzte, baita sentsibilizazio eta pedagogia soziala eta esperimentazio praktikoa ere. Hamabi hilabetez prototipoa garatzeko eta beharrezko diru iturriak eskuratzeko konpromisoa hartu dute Kilometroak 2015ek, Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateak.
«Alderdi sinbolikotik praktikorako jauzia» egin nahi dute, eta kaleko bestelako ekitaldietarako eredu positibo bat ekarri. Gaitasun desberdinak dituzten herritar guztien eskubide eta aukera berdintasuna bermatzea du helburu egitasmoak.

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»

La lista Epstein salpica a Trump y a otros poderosos del mundo
