GARA
BILBO

Leioako jaialdiak egin du lekua bertako profesionalen egutegian

Cielo Raso, Hiriko, Dantzaz, Dikothomia, Ertza, Gaitzerdi... orotara hamazazpi euskal taldek hartuko dute parte hurrego ostegunean hasi eta igandera arte Leioak hartuko duen kale arteen jaialdian. Konpainia horietako hamabi, gainera, estreinaldiekin datoz.

Datorren ostegunetik, hilak 21, igandera arte Leioako XVI. Umore Azokan parte hartuko duten euskal konpainien aurkezpena egin zuten atzo Bilbon eta, kaleko arteen jaialdi honen zuzendari Ana Lopezek ziurtatu zuenez, Euskal Herriko taldeek gero eta garrantzi handiagoa ematen diote Umore Azokari: «Ezinbesteko plaza bihurtu da euskal konpainientzat»,baieztatu zuen.

Helarazitako datuak ere bide beretik doaz. Aurten, orotara hamazazpi euskal konpainiak eramango dituzte euren azken ikuskizunak Leioako kaleetara (iaz baino lau gehiagok) eta horietatik hamabik bertan estreinatuko dituzte euren azken lanak. Cielo Raso, Colectivo Hiriko, Dantzaz, Dikothomia, Ekoma Teatro, Ertza Dantza, Gaitzerdi Teatro, La Pez, Muyuyay, Pez Limbo, Rouge Elea eta Zirkozaurre dira Leioara estreinaldiekin etorriko direnak.

Estreinaldiarekin ez, baina euren azken ikuskizunekin egongo dira, aldiz, Kukai, Hortzmuga, Etorkizuna Kontzeptua eta Markeliñe. «Horrek erakusten du Umore Azoka bertako profesionalen egutegiaren parte bihurtu dela», nabarmendu zuen Lopezek.

Aniztasunak ere izango du lekua aurten. Hala, aipatuetakoetatik zazpi dantza ikuskizunak dira, sei antzezlanak, hiru zirkuak eta diziplina anitzeko instalazio bat ere izango da.

Lopezen hitzetan, taldeek «proposamen «berritzaileak» ere ekarriko dituzte jaialdira: «Dantzaz konpainiako kideek, esaterako, Christophe Pavia ile-apaintzailearen orrazkerarekin dantzatuko dituzte Arriagaren doinu barrokoak nahiz Niña Coyote eta Chico Tornado taldearen rocka».

Aurkezpenean Joxean Muñoz Lakuako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak ere hartu zuen parte. Bere hitzetan, parte hartzeak eta estreinaldi kopuruek agerian uzten dute «sektorea bizirik» dagoela: «Garrantzitsuena sektorea bizirik dagoela eta gauza ikusgarri eta erakargarriak egiten ari direla da».

Antolatzaileek ikuskizun horiek 35.000 pertsonak ikusiko dituztela aurreikusten dute eta, horiez gain, Umore Azokak ehun profesional baino gehiago bilduko ditu. Lopezek zehaztu zuenez, azokaren helburuetako bat «kale arteen industria garapena sendotzea» ere bada eta, zentzu horretan, programatzaile eta banatzaileentzat salmentarako azoka ere badela ekarri zuen gogora.