Al-Sissiren Egipton Poliziak etengabe erabiltzen du sexu indarkeria
FIDH Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak salatu egin du Abdelfatah al-Sissi presidente kolpistaren Egiptoko errepresioa: segurtasun indarrek sexu indarkeria erabiltzen dute atxilotuen aurka, etengabe eta krimen horiek ez dituela inork ikertuko jakinda.

FIDH federazioak egin duen txostenaren arabera, Abdelfatah Al-Sissi presidente kargura iritsi zenetik atxilotuen aurkako sexu indarkeriaren erabilerak gora egin du Egipton.
2013ko uztailean Mohamed Morsi presidentearen aurkako estatu kolpea egin zuten militarrek eta ondorengo hauteskunde itxurako ekitaldian lortu zuen presidente kargua Al-Sissik, egiptoarrek hauteskunde garbietan aukeratutako lehen presidentea kartzelara sartuta (joan den larunbatean heriotza zigorra ezarri zioten Morsiri).
Hosni Mubaraken garaiko errepresioak txikikeria dirudi azken bi urteotan egiptoarrek jasan behar izan dutenaren ondoan. Poliziak, zerbitzu sekretuek zein militarrek bortxatzen dituzte atxilotuak, guztiek erabiltzen dituzte sexu erasoak, guztiek egiten dituzte «birjintasun probak», guztiek elektrokutatzen dituzte sexu organoak...
Horixe ondorioztatu dute FIDHko adituek makina bat biktima, abokatu eta ekintzaile elkarrizketatu ondoren. «Atxiloketa egiteko garaian erabiltzen duten sexu indarkeriak, erabiltzen dituzten metodoen antzekotasunak eta egileek duten zigorgabekeriak aditzera ematen dute «estrategia politiko ziniko baten aurrean gaudela» eta bere helburua «gizarte zibila eta oposizio osoa isilaraztea dela», Karim Lahidji FIDHko presidenteak adierazi duenez.
Gobernuz kanpoko erakunde bateko kide batek txostenean azaltzen duenez, bera eta beste emakume batzuk atxilotu zituztenean, gazteenak bereizi egin zituzten; paretari begira jarri eta bertan miatu zituzten; sexualki jazarri eta iraindu egin zituzten. «Segurtasun Zentraleko kide batek bere eskua nire galtzetan ipini zuen eta ni hura kentzen saiatu nintzen, baina beren armekin jipoitu ninduten eta aurka egiterik ez nuen izan». Egileek diote nesken aurkako indarkeriak emakumeak politikatik urruntzea duela helburu.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
