Oporretara, baina formak galdu gabe
Badira urte batzuk, egunkari honetako txoko ezkutu honetan, nahi ditudanak eta ez ditudanak kontatzen. Gehienetan, ezlekuan naiz, atal honi ez dagozkion gaiak ukitzen ditut, disimuluan; beste batzuetan, kirolen sailean ari naizela oroitzen naiz eta gaiari eusten diot, eta zenbaitetan, surf artikulu txukunak idaztea ere lortu dut. Baina, politikoki zuzena ez bada ere, gehiena, barrenak husteak asetzen nau. Zenbaiti min egiteak gertukoei irribarrea ateratzeak baino poz handiagoa ematen dit.
Orriotan agertzen den eta argitaratzen denaren artean galtzen diren paragrafo eta esaldi galduak erakutsiko nizkizueke, baina ez da batere erraza. Ez naute zentsuratzen, alderantziz, egunkari honetako arduradunek, arduragabe, nahi dudana nahi dudan moduan esateko aukera eskaintzen baitidate.
Bestelakoak dira iritzi artikulu hauek nahi bezala idatzi eta argitaratzeko ditudan eragozpen nagusiak. Batetik formatua, eta bestetik, bizi garen lekuan bizita, benetan pentsatzen duguna esateak ekar ditzakeen ondorioei aurre egiteko ausardiarik eza.
Formatuaren arazoa orokorra da; egun edozein hedabidetan garrantzia handiago du formak edukiak baino, eta horrek mamia eraldatzera behartzen gaitu. Irudimen eta sorkuntzari formak inposatzeak etsipena sortzen dit, batez ere, eremu horretan eztabaidarako lekurik ez dagoelako.
Iritziak emateko ditugun zailtasunen gainean ez dago esateko ezer berririk, norberaren kabuz pentsatzeko gai den oro sistematik at dago; beraz, kontsekuentea izan behar da, eta batzuk, pentsatzeko prest bagaude ere, esaten dugun zerbaitegatik epaile baten aurrera joateko koldarregiak garenez, gauzak beste modu batera kontatzen saiatzen gara.
Baina bada azkenaldian artikulu bat idazten hasteko orduan sortzen zaidan hirugarren eragozpen bat. Gero eta gehiago kostatzen zait parean dudan hutsune zuria nire ikuspegi ernegatuekin betetzea. Horregatik, oporrak hartzea erabaki dut. Datozen lau asteetan bake apur bat emango dizuet irakurleei, lagun eta etsaiei. Zapi zuria jasota erretiratzen naiz, itzuleran, itsasgizon gisa, dagokidan bandera pirata ekarriko dudalakoan. Horrela ez bada, zuei dagokizue Jolly Rogerren ikurrin beltzak zioen esaldi famatua gauzatzea: «Ez da bizi bat bera ere barkatuko, ez eta itaunik egingo ere».

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
