Asier AIESTARAN
REALA

Raul Navasen kontratua 2018ra arte luzatu dute

Imanol Alguacilek eta bere lantaldeak jarraituko dute Sanseren ardura izaten.

Jokalariek oporretan jarraitzen duten bitartean, Realeko zuzendaritzak isilpeko lanean jarraitzen du, datorren urteko eta datozen urteetako taldearen zimenduak jartzen. Jokin Aperribay presidenteak lan ildo nagusien berri eman zuen asteartean, eta atzo beste bizpahiru albiste eman zituen jakitera talde txuri-urdinak.

Lehenik eta behin, Raul Navasen kontratuan jasota zegoen hura luzatzeko aukera gauzatu dute. Aurten Eibarren utzita jokatu duen atzelariak beste hiru denboraldiz segituko du Realeko jokalari izaten, 2018ko ekainaren 30era arte. Dirudienez, andaluziarra David Moyes entrenatzailearen gustukoa da, eta hurrengo denboraldian Zubietan izango du bere esanetara.

Halere, entrenatzaile eskoziarrak izango du non aukeratu. Iñigo Martinezek eta Mikel Gonzalezek lekua ziurtatuta dutela dirudi; Jon Ansotegik beste urtebeterako berritu du kontratua; Raul Navas ere taldean izango da; eta Aperribayk adierazi zuenez, Reala beste atzelari bat fitxatu nahian dabil. Gainera, Gorka Elustondok ere taldean jarraitzeko proposamena mahai gainean omen du, baina egoera ikusita baliteke beasaindarrak bi aldiz pentsatzea zer egin nahi duen bere etorkizunarekin.

Beste bi albisteek beheko mailekin dute zerikusia. Alde batetik, Imanol Alguacilek jarraituko du Sanseren entrenatzaile postuan, eta lantalde berarekin gainera: Mikel Labaka izango du laguntzaile, Oier Agirrezabalaga prestatzaile fisiko, eta Raul Iglesias atezainen entrenatzaile.

Jokalariei dagokienez, Luca Sangallik bi urterako berritu du kontratua eta Realean segituko du 2017ko ekainaren 30era arte. Marcoren anaia gaztea da, eta maila ona erakutsi du Sansen. Eta Gorka Giralt atezainak ere –aurten Berion jokatu du– bi urterako luzatu du bere harremana Realarekin.

Eskola Publikoaren alde

Igande honetan Elgoibarren Euskal Eskola Publikoaren aldeko festa ospatuko dela-eta, Real Sociedad Fundazioak bertaratzeko deia egiten zuen atzo bere web orrian, azken hilabeteetan elkarren arteko harremana sendotzeko egin dituzten zenbait ekintza gogoratuz: Elgoibarko Herri Eskolako haurrek Zubietara egindako bisita edota emakumeek taldean izan duten ibilbidearen inguruko erakusketa.