Jon LEUNDA
APUSTUA

Etxaburuak segan erabaki du

Irati Astondoak ia bi minutu aurretik amaitu zuen aizkorako lana, baina gero ezin izan zion aldeari eutsi. 700 ikusletik gora batu ziren.

Alatzne Etxaburuak irabazi zuen atzo Irati Astodoaren aurka jokatu zuen desafio mistoa. 700 ikusle pasa joan ziren Zizurkilera, neurketa zuzenean ikusteko. Kirolari bakoitzak lau 45 ontzako ebaki, eta ondoren segan, ordubete bete arte aritu behar izan zuen. Alde bakoitzak 2.000 euro jokatu zituen. Apustuak hasieratik Alatzne Etxaburuaren alde egon ziren.

Ikusmin handia zegoen norgehiagoka hau ikusteko, eta bi lehiakideek eman zuten zuten guztia. Aizkorako lanarekin hasi ziren. Esnaola eta Azurmendi zituen alboan Etxaburuak, eta Urrutia anaiak, berriz, Astondoak. Lehen enborra botatzen azkarrena Etxaburua izan zen; zazpi segundoko aldea atera zion Astondoari.

Bizkaitarrak, ordea, aizkoran behetik gora egin zuen, eta bigarren enborra mozterako aurretik jarri zen, 15 segundoko aldea aterata. Hirugarren enborrean, alde hori handitu egin zuen, eta zuloa minutu eta 23 segundokoa zen. Laugarren enborrean, ordea, Astondoak ezin izan zuen zuloa askoz gehiago handitu, eta segako lanean minutu eta 53 segundoko aldearekin hasi zen. 4.41, 9.43, 14.30 eta 19.59 izan ziren Astondoaren aizkorako denborak, eta 4.34, 9.58, 15.53 eta 21.52, Alatzne Etxaburuarenak.

Erabakiorra

Segarako denbora asko geratu zitzaien, eta belarra ona bazegoen ere, ez zegoen ebakitzeko erraza, apur bat nahastuta zegoela eta. Bakoitzak sei sail zituen ebakitzeko prestatuta, guztira 900 metro. Astondoa aurretik hasi baldin bazen ere, lehen saila ebakitzerako gipuzkoarra aurretik jarri zen.

Joxe Gabirondoren eta Igor Esnaolaren laguntzarekin, Tolosan jaio eta Zizurkilen bizi den kirolaria bikain ari zen segan, eta berehala ikusi zen aurretik jarri zela. Astondoak, Mitxelena eta Urrutia zituen alboan. Bizkaitarrari aizkora utzi ostean segako tarte horrek ez zion mesederik egin, eta kosta egin zitzaion lantegi berrira moldatzea.

Gipuzkoarrak, aldiz, berean jarraitzen zuen, eta eroso antzematen zitzaion segan, bere lana oso ondo eginez. Astondoak ere gorputzari buelta eman, eta segan bikain hasi zen. Une ederrak izan ziren, biek sekulako lana egin baitzuten. Ordubeteko tartea amaitu zenean eta epaileek amaierako txistua jo zutenean, zaleek sekulako txalo zaparrada eskaini zieten, ikaragarrizko lana egin baitzuten. Une horretan elkarri sekulako besarkada eman zioten, eta Iratik ezin izan zien negar malkoei eutsi. Une oso bereziak eta politak izan ziren denentzat.

Behin lanak amaituta, pisaketako emaitzak jakitea bakarrik falta zen. Astondoak zigor bat jaso zuen, belarra narrasago mozteagatik, eta 20 kilo deskontatu zizkioten, baina amaieran ez zuen eraginik izan. Etxaburuak 1.496 kilo ebaki zituen, eta Irati Astondoak, 1.279 kilo. 

Zaleak ikusitakoarekin pozez zoratzen atera dira

Ikusmin handia zegoen atzoko neurketa ikusteko, eta zaleek ez zuten hutsik egin. Aurpegi ezagun asko tartean, denak oso gustura joan ziren apustutik, eta hori etorkizunerako ere oso garrantzitsua izango da. Bi neskek sekulako lana egin zuten, batez ere segan, hori baita azken batean normalean eurek egiten duten kirola.

Aizkoran gerta zitekeenarekin jendeak ez zeukan iritzirik, biak berriak baitira, eta hori nabaritu zen. Astondoa hobeto molda zitekeen errezeloa zegoen, astean zehar egin dituzten adierazpenek ere horretara bultzatzen baitzuten, eta horrelaxe izan zen. Nahi gabe amaitu zuela lehen enborra aurretik esan zuen Etxaburuak, erritmo bat hartu eta hari jarraitu besterik ez zuela egin adierazi baitzuen. Hala ere, berak uste baino alde txikiagoa atera omen zion Astondoak.

Izan ere, bizkaitarra dezente nahastu omen zen lehen enbor horretan; hori esan zuen berak behintzat, baina lehenago bukatu zuen aurreneko lana. Nahasmendu horrekin jarraitu omen zuen segan ere, eta gorputzari buelta ematea ere dezente kosta omen zitzaion. Etxaburuak, berriz, argi utzi zuen, bere erakusleek zerikusi handia izan zutela atzoko emaitzan. Biak ados agertu ziren horrelako apustuak emakumezkoetan ere beharrezkoak direla esatean. Atzokoa eta gero, eta zaleen erantzuna ikusita, komenigarria litzateke neska gehiago ere horrelako apustu gehiago egitera animatzea, kirol ezberdinetan gero eta gehiago baitira, eta segur aski euren kirolei bultzada handia emango liekete atzokoa bezalako norgehiagokek. J.L.