Ormaetxea oso indartsu itzuli da belardietara
Orendaingoarekin batera, Esnaola, Pardo eta Gabirondo II.a ere sailkatu ziren finala jokatzera.

Jexuxmari Ormaetxeak txapela lortzeko bere hautagaitza aurkeztu zuen herenegun, Aiako Andatzan jokatutako kanporaketako onena izan eta gero. Orendaingoarekin batera, Igor Esnaolak, Gabirondo II.ak eta Iban Pardok lortu zuten finalean aritzeko txartela.
300 ikusle inguru batu zen saioa ikusteko, eta herenegungo baldintzak kontuan hartuta, oso sarrera ona izan zela esan behar. Alde batetik, Zarauzko triatloia zela-eta, Oriotik barrena bakarrik zegoen bertara iristea; eta bestetik, euriak utzi zuen arratsalde makurrak oraindik eta okerrago utzi zuen bertaratzeko aukera. Hala ere, zaleek ondo erantzun zuten.
Sei segalari lehiatu ziren, bi multzotan banatuta, eta bakoitzeko aurreneko bi sailkatuak lortzen zuten finalerako txartela. Belarra apur bat nahastuta eta handia zegoen, eta horrenbeste eurirekin, oso bustia ere bai. Gero ikusi zen bezalaxe, kilo asko zituen belarrak. Segalari bakoitzak ordu erdia izan zuen lanean aritzeko. Finalean, aldiz, ordubeteko saioa izango dute.
Esnaola, Gabirondo II.a eta Irazustabarrena izan ziren aurreneko multzoan lehiatu ziren hiru segalariak. Esnaola eta Gabirondo pare samarrean aritu ziren sailetan, eta saio osoa era bertsuan egin zuten. Legorretakoak, ordea, belarra oso behetik mozten du. Bera da egungo txapelduna, eta baita aurtengoa lortzeko faborito nagusia ere. Herenegungo helburua finalean sartzea zen, eta Esnaolak aurreneko postua eskuratu ere egin zuen multzo honetan, guztira 2.490 belar kilo ebaki baitzituen. Bere atzetik, Gabirondo II.a sailkatu zen, 2.391 kilo moztuta. Hirugarren, berriz, Irazustabarrena sailkatu zen, 1.815 kilorekin, eta ondorioz, finaletik kanpo geratu zen.
Kilo gehiago
Bigarren txandan, Ormaetxea, Merkader eta Pardo lehiatu ziren, eta hauek ere aurreneko multzokoen lan bera eta denbora bera egin behar zuten. Ormaetxea eta Pardo aritu ziren pare samarrean, baina Orendaingoa aurretik izan zen ia beti, eta amaieran ere horrelaxe izan zen. Hemen kontua, ordea, ez da sailetan nola geratzen diren, ebakitako belarraren pisua hartzen da kontuan, eta horretarako itxaron egin behar.
Amaieran Ormaetxea izan zen garaile, izan ere, Orendaingoak 2.641 kilo ebaki zituen. Pardo sailkatu zen bere atzetik, 2.533,5 kilorekin, eta Merkader, berriz, hirugarren, 2.408 kilorekin. Ondorioz, azken hau geratu zen finaletik kanpo.
Bi multzoen arteko alderaketa eginda, bada datu bitxi bat, bigarren txandakoek aurrenekoek baino kilo gehiago ebaki baitzituzten. Azkena geratu zen Merkaderrek, aurreneko multzoan bigarren geratu zen Gabirondo baino kilo gehiago ebaki zituen. Horrek garbi uzten du segalarien arteko berdintasuna, eta dudarik gabe, oso ona da hori.
Segalarien denboraldia pil-pilean dago, eta datorren asteburuan abiadurako probek hartuko dute betiko erakoen lekua. Alde batetik, larunbatean, Tolosan, Almitza Elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Ligako azkeneko jardunaldia jokatuko da, eta ondoren jakingo da abuztuaren amaieran Azpeitian jokatuko den Europako Txapelketan zein segalari arituko diren. Bestetik, igandean, Zizurkilen jokatuko da Gipuzkoako Txapelketa, abiadurakoa, eta ondorioz, segalari askok bi saio egin beharko dituzte, nahiz eta proba oso laburrak izaten diren.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
