Jon LEUNDA
Sega

Denak Europakoari begira

Euskal Herriko Ligako azkeneko jardunaldia jokatuko da gaur Tolosako Iurramendiko belardietan, 17.30ean.

Almitza elkarteak antolatzen duen Nazioarteko Erako Euskal Herriko Ligako azkeneko saioa jokatuko da gaur Tolosan. Iurramendiko belardietan, 17.30ean hasita izango da ikusgai.

Oso urte garrantzitsua da hau; izan ere, abuztuaren amaieran Europako Txapelketa jokatuko da Azpeitian, eta orduan lanean arituko diren segalarien izenak ere gaurko saioaren ostean erabakita geratuko dira.

Jadanik hiru jardunaldi jokatuta daude, eta mutilen sailkapena pil-pilean dago. Bixente Mitxelena dago sailkapeneko lehen postuan, baina gaur ez du atseden handirik hartzeko tarterik izango, lau puntura baitu Jexuxmari Goenaga; halere, hutsegite txikiren bat egiteko aukeraren bat ere geratzen zaio.

Oiartzuarrak 120 puntu dauzka batuta, eta lau gutxiago dituzte Goenagak eta Artzelusek. Atzetik, Altzo eta Gabirondo II.a agertzen dira, zazpi eta zortzi puntura. Denak ere urte asko daramatzate nazioarteko eran segan egiten, eta ederki dakite guztiek zer egin behar duten. Azkar ebakitzeak bakarrik ez du balio, txukun ere moztu behar baita belarra.

Nesketan Alaitz Imaz dago sailkapeneko lehen postuan. 120 puntu ditu jadanik, eta hiruko aldea ateratzen dio Mazkiarani eta laukoa, Galarragari. Atzetik daude Astondoa, Otamendi eta Alatzne Etxaburua.

Imazek nahiko ongi bideratuta dauka txapelketa, baina Mitxelenaren kasuan bezalaxe, kontuz ibili beharko du. Akats txikiren bat egiteko aukera badauka, baina ez handirik egitekoa, bestela amaieran ezusteren bat izan dezake. Liga hau hasi aurretik Etxaburua zen faborito, baina aurreneko saioan ez zen fin aritu, eta bigarrengoan, berriz, ezin izan zuen aritu. Ondorioz, ez dauka txapela lortzeko inongo aukerarik. Bi mailetako azkeneko jardunaldia oso erakargarria geratu da.

 

Gazteak

Aurreneko aldiz, gazte eta gaztetxoen mailako saio puntuagarria jokatuko da gaur Tolosako saioan. Segalaritzan mutil eta neska ugari dabiltza maila emanez, eta erakustaldi batzuk egiteko aukera izan baldin badute ere, gaur saio puntuagarria izango dute, eta horrek berak ere jende asko erakarriko du.

Gaztetxoen maila hau, hiru mailatan banatuta joango da. 10 eta 12 urtekoak batera arituko dira. 13 eta 14 urtekoak ere horrelaxe arituko dira, baita 15 eta 16 urtekoak ere. Hiru maila horietan hogeitik gora gazte arituko dira lanean, eta horiek ere etorkizunean onenekin lehiatzen aritzeko modua izan dezaketela erakutsi nahiko dute .