Jon LEUNDA
Sega

Mitxelena eta Imaz, Ligako onenak

Tolosan jokatutako hirugarren eta azken jardunaldia, ordea, Jexuxmari Goenagak eta Ainhoa Mazkiaranek irabazi zuten.

Bixente Mitxelenak eta Alaitz Imazek irabazi zuten atzo Tolosan Euskal Herriko Liga, nazioarteko eran, nahiz eta azkeneko jardunaldia bietako inork ez zuen eraman. Atzokoan Jexuxmari Goenaga eta Ainhoa Mazkiaran izan ziren onenak, eta gero, sailkapen nagusian, biak bigarren geratu dira.

Jende asko, 400 bat pertsona, batu zen atzo Tolosan azkeneko saioa ikustera. Eguraldia, eta belarra, berriz, primerakoak izan ziren. Mutilek 100 metro karratuko saila ebaki behar izan zuten, eta neskek eta gaztetxoek, berriz, 35 metro karratukoa.

Gizonezkoetan, Bixente Mitxelena heldu zen azkeneko jardunaldira sailkapeneko lehen postuan. Gainera, aurreneko lau sailkatuak multzo berean lehiatu ziren. Horrela, Mitxelena, Artzelus, Goenaga eta Altzo elkarrekin aritu ziren. Azkarrena Artzelus izan zen, baina nazioarteko eran azkar ebakitzeak bakarrik ez du balio, izan ere, txukun ere ebaki behar izaten da, bestela zigorrak gehitzen baitira. Horregatik, sailkapenean hirugarren amaitu zuen Koldo Artzelusek.

Hala, azkeneko jardunaldi honetan, Goenaga errezildarra izan zen onena, baina ehunen gutxi batzuk izan zituen alde, eta bigarren Mitxelena sailkatu zen. Goenagak 2 minutu, 46 segundo eta 12 ehunen behar izan zituen lanak burutzeko, eta Mitxelenak 20 ehunen gehiago. Hirugarren Artzelus sailkatu zen, hamaika segundora; laugarren, Altzo, 25 segundora; eta bosgarren, Gabirondo II.a, 26 segundora. Guztira 22 segalari aritu ziren atzoko saioan, nahiz eta ligan 28k eman zuten izena.

Sailkapen nagusian Mitxelena izan da onena, 179 punturekin; Goenaga bigarren, 176 punturekin; Artzelus hirugarren, 174rekin; Altzo laugarren, 170ekin; eta Gabirondo II.a bosgarren, 168rekin. Abuztuaren amaieran Azpeitian jokatuko den Europako Txapelketarako, Mitxelena, Goenaga, Artzelus, Gabirondo II.a, Andoni Urrutia, Aimar Garmendia, Urkola, Gorka Urrutia, Otegi eta Lizartza sailkatu dira.

Emakumezkoetan bost partaide izan ziren azkeneko jardunaldian. Alaitz Imaz lehen postuan iritsi zen saio honetara, eta eutsi egin zion, nahiz eta atzokoa irabazterik ez zuen izan. Ainhoa Mazkiaran izan zen onena. Minutu eta 40 segundo behar izan zituen bereak egiteko. Bi segundora sailkatu zen Imaz, hamahirura Galarraga, hamalaura Astondoa eta 23ra Ainara Otamendi.

Ondorioz, Alaitz Imazek eraman zuen Ligako txapela, guztira 179 puntu batuta. Bigarren postua Ainhoa Mazkiaranentzat izan da, 177 punturekin; hirugarren, Ainhoa Galarraga, 174rekin; laugarren Irati Astondoa, 171rekin; eta bosgarren Ainara Otamendi, 168rekin. Ondorioz, bost segalari hauek ordezkatuko dute Euskal Herria abuztuaren amaieran Azpeitian jokatuko den Europako Txapelketan. Mutil eta neska, hamabost segalarik ordezkatuko dute Euskal Herriko selekzioa.

Gaztetxoak

Almitza Elkarteak etorkizunean oso garrantzitsua izan daitekeen pausoa eman zuen atzo, gaztetxoen txapelketa ere antolatu baitzuen. Hala, kirol honek etorkizuna izan dezakeela argi eta garbi utzi zuten bai neskek bai mutilek. Hiru mailatan lehiatu ziren parte hartzaileak, kadete, infantil eta alebinetan, eta oso itxura ona eman zuten. Garbi dago irakasleek ere lan bikaina egin dutela, eta aldi berean oso garrantzitsua ere bai, gaztetxoek segan badakitela erakutsi baitzuten.

Kadete mailako txapelduna Akaitz Sarasola izan zen, infantil mailakoa, berriz, Oroitz Etxabe, eta alebinetakoa, Arkaitz Gabirondo. Hala ere, eurek ez ezik, euren aurka aritu zirenek ere aparteko lana egin zuten, eta zaleen txaloak ere entzun behar izan zituzten, ongi merezitakoak. Atzokoa aurreneko pausoa izan zen maila honetan, eta nola joan zen ikusita, pentsatzekoa da datozen denboraldietan ere lekua izango dutela gaztetxo hauek. Garrantzitsua izango da atzo ereindakoa, lehiaketek bizitasuna emango baitiete gazte hauei.