Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Zorri ontsuak gorputz librean

Gure beheko Estatuko buruak, materian grisik apenas dutenak, haserre omen daude… zeren dute jakin ezin daitezkeela fidatu, fidatu gurekin, euren konstituzioko gure kobrea hartu eta geure sutan urtuko dugulako, geure ahaleginekin, eta ez prezisamente behi-joareak egiteko asmoarekin. Bi ondorio zuzen hortik, goi mailakoa ei den politikarako abisu. Bata, abeltzaintza ulertzeko bestelako bidea dagoela jokoan, non joareak, ipintzekotan, ez zaizkien animaliei ipiniko. Bestea, gure suak ez duela kerik sortuko, odolak su gabe diraki eta. Bada, horixe erronka, atzoko joareak biharko joera bihurtu, zaratotsa bera baino unean uneko kokapena lehenetsiz.

Joaldunak izateari utzi eta behingo joateari eutsi. Eta josteari! Hara! azken asteotan jostun ibilita gaur azoka eguna dugu, eskulana ikusgai. Eta ikasgai. Jostun, bai, Estatu transgeniko horietan zorioneko tarrat egiteko asmoz. Osasunez. Hara! oihalak altxa eta airean mugi, haizea sortze aldera. Sarri esaten baitugu, sarriegi esan ere, haize berria datorrela, batzuetan pluralean ere esan, baina airea mugitu gabe ez da haizerik sortzerik; mugitu, ez mugatu. Horixe balizko euskal konstituzioaren lehenengo artikulua. Eta artikulu gutxi izatea espero, desjabetze aginduen eranskinen letra txikerretara jausi gabe. Herritar onentzat letra gutxi, nahiko.

Total, katedral berrian nago, barruan! Nire familiako batzuek mirakulutzat hartuko dute, ni ezagututa. Omen ni, amen eurek. Bai Euskarari hartatik katedralera bueltatu gabea. Bera bai nire aterpean sartu ostera, telebistaz. Gaur Bai, Gure Esku Dago!, txizan ez banago ere, neure esku. Tira, harira! Erlijioez aparte denok dugu gorputz-zelai bera konpartitzen. Berton izatea erabaki-zelaia da erronka. Denok, zorriak barne, zoriontsu izatea, helbide.