Igor Esnaolak sekulako abiaduran egin ditu lanak
Legorretakoak aise irabazi du Gipuzkoako Azkartasuneko Txapelketa. Gabirondo II.a sailkatu da bigarren.

Igor Esnaolak ongi irabazi zuen atzo Zizurkilen Gipuzkoako Azkartasuneko Txapelketa. Legorretakoak primerako lana egin zuen, eta amaieran bigarren sailkatu zen Gabirondo II.ari 48 segundo kendu zizkion.
200 ikusle pasatxo batu ziren Zizurkilgo Areta baserriko belardietan. Belarra primerakoa zegoen, eta eguraldia ere bai. Segalari bakoitzak bi txanda egin behar izan zituen, eta bietan 100 metro karratuko sail bana ebaki behar izan zuten.
Segalariak bi multzotan banatuta neurtu ziren. Aurrenekoan, Esnaola, Ormaetxea, Pardo eta Joakin Garmendia lehiatu ziren. Esnaola izan zen azkarrena. Belarra azkar ebaki zuen, eta oso txukun ere bai. Atzetik Ormaetxea sailkatu zen, eta ondoren Pardo eta Joakin Garmendia.
Bigarren txandan ere Esnaola izan zen onena. Legorretakoak oso azkar amaitu zuen lana, eta oraingoan bigarren Iban Pardo zestoarrak amaitu zuen, Ormaetxeak hirugarren, eta Joakin Garmendia izan zen azkena.
Beste multzoa estuagoa izan zen, nahiz eta inork ezin izan zuen Igor Esnaolak egindako marka ondu. Aurreneko txandan, Gabirondo II.a izan zen azkarrena; atzetik Merkader, Jokin Garmendia eta Argaia sailkatu ziren. Bigarren txanda oso estua eta lehiatua izan zen. Berriro ere postuak berdinak izan ziren, baina aurreneko hiruren artean oso tarte txikia egon zen amaierara arte, nahiz eta azkenean ez zen ezer aldatu.
Amaieran ez zen inolako ezusterik izan, eta Igor Esnaolak lortu zuen txapela. Legorretakoak lan guztiak burutzeko 4 minutu eta 39 segundo behar izan zituen guztira. Bigarren postuan Gabirondo II.a sailkatu zen, 48 segundora. Podiuma Jokin Garmendiak osatu zuen, txapeldunarengandik 55 segundora sailkatuta.
Atzetik, Merkader, minutu eta 4 segundora sailkatu zen; Argaia, minutu eta 55 segundora; Pardo, minutu eta 59 segundora; Ormaetxea, bi minutu eta lau segundora; eta Joakin Garmendia, 3 minutu eta 37 segundora, horrela sailkapena osatuz.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
