GARA
ORIO

Egun osoko jaialdiarekin ospatuko da Orion Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala

Herrialdeetako saioak jokatuta, larunbatean Oriok hartuko du Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala. Maialen Lujanbiok aurkeztuko du saioa eta Sustrai Colinak jarriko dio txapela garaileari.

Herrialdeetako bidea amaituta, larunbat honetan hartuko du Oriok Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala. Herrialde bakoitzeko txapeldunak eta txapeldunordeak ariko dira herri gipuzkoarreko pilotalekuan egingo den saioan.

Aurten, guztira 15 eta 18 urte bitarteko 112 gaztek hartu dute parte txapelketan eta horietatik bederatzi ariko dira finalean: Arabako ordezkariak Peru Abarrategi aramaioarra eta Peru Amorrortu gasteiztarra izango dira, Bizkaitik Txaber Altube abadiñarra eta Lurdes Ondaro munitibartarra ariko dira, Gipuzkoatik Iñigo Ibañez eta Paul Iruretagoienak hartuko dute parte, Lapurditik Aitor Sevier azkaindarra eta Nahia Sasco lekuindarra lehiatuko dira, eta, azkenik, hitzorduan egon ezin duten Nafarroako txapeldun Joanes Ilarregiren eta txapeldunorde suertatu zen Maddalen Lopezen lekukoa Manex Mailharin berriozartarrak hartuko du. Antolakuntzatik adierazi dutenez, aurtengo edizioan ez da Xiberoako eta Baxenabarreko ordezkaririk izango.

Egun osoko egitaraua

Eskolarteko finala Maialen Lujanbiok aurkeztuko du eta Sustrai Colinak jarriko dio txapela irabazleari. Saria, baina, finalista guztiek jasoko dute: Gabonetako oporraldietan egingo den Negulekurako egonaldia doan izango dute parte hartzaileek.

Saioa 11.00etan abiatuko da Maialen Lujanbio bertsolariaren gidaritzapean. Bertsozale Elkartetik azaldu dutenez, irabazleari txapela jartzeko ardura izango duen Sustrai Colinak gazteak entzuteko gogotsu dagoela adierazi du: «Etorkizuneko bertsolariak entzutera doa jendea, baina gaur egunekoak entzutera nator ni. Izan ere, transmisioa eta bat-bateko bertsoa beti dira orain eta hemen».

Saioa amaitzean, baina, festak ez du etenik izango. 14.00ean, produktu ekologikoak oinarri dituen bazkaria eskainiko da herriko plazan eta bertaratzen direnek Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin elkarlanean prestatutako jakiak dastatzeko aukera izango dute. Bazkarirako 150 lagunentzat dago lekua eta, antolatzaileek azaldu dutenez, txartelak aldez aurretik hartu behar dira www.bertsosarrerak.eus atarian.

Bazkalostean, Lujanbio eta Colina plazako oholtzan arituko dira gai librean, eta, ostean, Keshala eta Bi Bala musika taldeen kontzertua izango da. Bietako zenbait partaide Eskolartekoan arituak dira, eta Bi Balako Iñaki Gurrutxaga pozarren azaldu da ekimenarekin: «Sortu, entzun eta gozatu; lagun zaharrekin bildu eta berriak egin... Dena Orion, ba al da leku hoberik?».

Finalari buruzko informazioa www.bertsozale.eus eta ww.ikastola.net atarietan argitaratuko da, eta finala ikusgai egongo da www.bertsoa.eus gunean.