Saud familia... nuklearra?
Azkenean, Robert Fisk orakulu zaharrak asmatu egingo du bere iragarpen ausartenetako batean. Ekialde Hurbileko kontuetan gutxik bezalako sinesgarritasuna duen honek bota baitzuen, aspaldi gabe, profezia apokaliptiko kutsua ere bazuen aurreikuspena: Saudi Arabian ere hurbiltzen ari da iraultza bat... baina Saud familiatik bertatik etorriko da.
Salman erregeak Saud familia horren burutzan sei hilabete eskas daramatzanean, horrelako zerbait susmatzeko ziorik badugu. Lehen aztarnak, apirilaren amaiera aldera iritsi zitzaizkigun, hiru hilabete lehenago erregearen oinordeko izendatutako Muqrin anaiordea kendu eta Muhammad bin Nayef iloba ipini zuenean. Benetako albistea, hala ere, aldi berean egindako beste izendapenean zetzan: Salmanen semeetako bat, Muhammad hau ere, bigarren oinordeko eta Defentsa ministro bihurtzen zen 30 urterekin... Hori bai zela ausardia, Saudi Arabian.
Familiaren barneko gatazken ikuspuntutik ez ezik, eskualdeko koiuntura politiko-militarretik hausnartu beharreko krisia zen hura. Mundu guztiak ziurtzat jotzen du Salmanen ukaldia Yemeneko krisiari lotuta zegoela. Itxura denez, Muqrin oinordekoa, interbentzioaren aurkakoa zen, eta apustua galdu bide zuen... Baina hiru hilabete geroago, Yemenen apustua galtzen ari direnak Salman eta bere semea dira. Bonbardaketek ez dute militarki ezertxo ere lortu: huthiek eta Saleh lehendakari ohiaren jarraitzaileek osatzen duten aliantzak ekialde osoa (beraz, populazioaren %75 inguru) kontrolatzen dute; Bab el-Mandebeko itsasartea barne. Gainerakoaren zati bat, Al Qaedaren esku dago...
Familiako beste kide batek, Londresen enbaxadore den Muhammad bin Nawazek, adierazti zuen arestian aurreranzko ihesa norantz bidera daitekeen: Saudi Arabiak arma nuklearrak eskuratzeko asmorik ba ote zuen galdetuta, «aukera guztiak zabalik» zeudela erantzun zuen.
«Ez dira gai hori egiteko», diote batzuek. «Dirua sobera dute erosteko», diote besteek.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»
