Kañamares eta Eugi oso kontuan hartu beharko dira
Oso erraz irabazi dute Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa, Barberena anaiei 45 segundo kenduta.

Eugik eta Kañamares III.ak irabazi zuten herenegun Uharte Iruñean jokatu zen Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa. Eurekin batera, Barberena anaiak, Aizpura eta Esnaola, Kañamares lehengusuak, Pikabea anaiak eta Iraola eta Garmendia sailkatu ziren uztailaren 26an Elizondon jokatuko den final handirako.
45 ontzako enborra erabili zuten, eta hari hamar epai etzanda eta bost zutik eman behar zizkioten. Trontzalariak bi multzotan banatuta aritu ziren, eta emoziorik handiena seigarren posturako egon zen, azkenean ehuneneko gutxi batzugatik lortu baitzuten finalean izatea Iraolak eta Garmendiak.
Kanporaketa guztietan bezalaxe, helburua finalean sartzea izaten da, eta hemen ere horixe gertatu zen. Hiru bikote faborito daude txapelketan, eta hiruetan onenak gazteenak, Eugi eta Kañamares III.a, izan ziren. Lan guztiak burutzeko 4 minutu eta 11 segundo behar izan zituzten, denbora oso ona egin zuten, eta bigarren sailkatu ziren Barberena anaiei, egungo txapeldunei, 45 segundoko tartea kendu zieten. Garbi utzi zuten finalean ere txapelaren lehian aritzeko prest daudela, eta eurak ere kontuan hartu beharko direla.
Finalean lana handiagoa izaten da, eta Barberena anaiak oso trebeak dira. Hala ere, bi gazte behetik gora nolako abiadan datozen ikustea oso garrantzitsua da, azkeneko urte hauetan hor goian sartu baitira eta urtetik urtera pauso bat eman baitute aurrera gainera.
Hirugarren postuan sailkatu ziren Aizpuru eta Esnaola. Bost minutu eta 19 minutu behar izan zituzten lanak amaitzeko. Hauengatik segundo batera beste bi gazte, Kañamares IV.a eta Kañamares V.a, sailkatu ziren. Pikabea anaiek lortu zuten bosgarren postua, bost minutu eta 54 segundoko denborarekin. Seigarren Iraola eta Garmendia izan ziren. Sei minutu, 52 segundo eta bost ehuneneko behar izan zituzten, eta Etxenike eta Irigoien azken sailkatu ziren, euren lanak 6 minutu, 52 segundo eta 42 ehunenekotan amaituz. Ondorioz, finaletik kanpo geratu ziren. Hor egon zen emoziorik handiena, azken unera arte ezin izan baitzen jakin zein bikote sartuko zen finalean.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
