Sinai menderatu ezinik hasi dute Egiptoko kolpistek hirugarren urtea
Atzo «kanposantuetako bakea» nagusitu zen Sinai penintsulako iparraldean, bezperako borroka tragikoen ondoren. Egiptoko Armadak esan du aire erasoetan 23 jihadista hil zituela atzo. Milaka familia beren etxeetatik kanporatu dituzte, Sinaikoen haserrea areagotzeko.

Gaur betetzen dira bi urte Mohamed Mursi, egiptoarrek hauteskunde garbietan aukeratutako presidente bakarra, agintetik estatu-kolpe baten bitartez kendu zutenetik. Kolpistek hauteskunde itxurako ekitaldi bat egin zuten gero, beren posizioa indartu nahian, eta errepresio arras bortitzari eman zioten hasiera (1.400 pertsona inguru hil dituzte dagoeneko).
Kolpistek ezin dute Egipto baretu, ordea. Joan den astelehenean Egiptoko fiskal nagusia hil zuten jihadistek eraso batean (atentatu batean hildako kargudun gorenena, orain arte) eta asteazkenean, Sinaiko iparraldean, eraso sail ikaragarri bat egin zuten (100dik gora hildako).
Egiptoko Armadak adierazi du Sinaiko egoera mendean duela. Bere helikopteroak batetik bestera ibili ziren atzo. Inor ez zebilen ez kalean ez errepideetan. Larrialdi egoera eta etxeratzeko agindua ezarri dituzte, eta Israelgo mugaren ondoko eremua hustu egin nahi dute (milaka familia bidali dituzte bertatik), segurtasuna bermatzeko beharrezkoa delakoan. Neurri horiek arazoa larriagotu besterik ez dutela lortuko diote adituek. Michael Wahid Hanna AEBetako The Century Foundation zentroko analistak gogorarazi du Sinaiko tribuetako kideak direla bertan dabiltzan jihadista gehienak (Sinaiko Probintzia deitzen diote asteazkeneko erasoak egin zituen taldeari, Estatu Islamikoarekin bat egiten dutela adierazteko). «Kairok baztertu egiten dituela sentitzen dutelako hartu dute jihadismoaren bidea. Matxinoen kopuruak gora egin du sentipen horren eraginez», dio analistak. «Erakundea sekulako abiaduran hazten ari da», esan du, berriz, Mathieu Guidere Tolosako Unibertsitateko (Okzitania) irakasleak: «Iaz mila borrokalari zituen, eta egun, 2.500 inguru, gehienak egiptoarrak». Bere ustez, Sinaitik Siria eta Irakera joandako miliziano askok egin dute bat erasotzaileekin Egiptora itzultzean.

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo
