Kanflankak Nafarroako txapela berreskuratu du
Segalari leitzarrak azkenean 200 kiloren aldea kendu zion lehen aldiz aritu zen Mikel Berakoetxeari.

Jon Kanflankak irabazi zuen atzo Azkaraten jokatu zen Nafarroako Txapelketa. Bost urteko hutsunearen ostean, berriro antolatu ahal izan dute txapelketa hau, azken urteotan, eta Mariñelarenak utzi zuenetik, Kanflanka bakarrik geratu baitzen. Aurten Berakoetxea agertu da, eta lehiaketa jokatu ahal izan da. Azkenean 200 kilo justuko tartea egon zen bien artean.
Primerako giroa egin zuen lanean aritzeko, eta 400 ikusle inguru joan ziren saioa ikustera. Belarra ere oso ona zegoen. Segalari bakoitzak 45 minutu izan zituen lanerako, eta belar kilorik gehien ebakitzen zuenak irabazten zuen.
Jon Kanflanka leitzarra zen irabazteko faboritoa, eta ez zuen hutsik egin. Hasieratik hartu zuen aurre sailetan, eta horrelaxe jarraitu zuen amaiera arte. Hala ere, tarterik handiena aurreneko sailean lortu zuen, gero bere parean izan baitzuen Berakoetxea.
Dena dela, ilara handiagoa hartzen zuen txapeldunak, eta horrek beti abantaila ematen zion. Bi segalariek bost sail ebaki zituzten, eta seigarrenean ari ziren denbora bete zenean. Orduan belarra biltzea geratzen zen, eta zaleek Kanflankaren aldeko joera egiten zuten, eta ez zuten hutsik egin. Berakoetxeak ere oso itxura ona eman zuen, lehen aldiz aritu baitzen betiko erako proba batean.
Txukun
Bi segalariek ebaki zuten belarra oso txukun, eta ondorioz bietako inork ez zuen zigorrik jaso. Lan oso ona izan zen biena, eta amaieran txalo artean agurtu zituzten zaleek. Behin belarra ebakia, batua eta pisatua zegoela, batuketen berri jakitea besterik ez zen geratzen.
Eta amaieran ez zen inongo ezusterik egon, Jon Kanflankak lortu baitzuen garaipena. 45 minutuan 1.890 belar kilo ebaki zituen, eta Berakoetxeak, aldiz, tarte berean, 1.690 kilo ebaki zituen. Bi segalariak orain Euskal Herriko Txapelketako kanporaketan arituko dira.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
