GARA
GAZTELU

Gazteluarrek justizia eskatu dute Udala osatu duten EH Bilduko ordezkarientzat

Atzo arratsaldean plazan bildutako Gazteluko herritarrek beren sostengua eta babesa adierazi zieten azken legealdietan Udal gobernua osatu duten EH Bilduko kideei. «Espero genuen notizia iritsi da. Tolosako epaitegiak auto baten bidez adierazi du aspalditik ondo genekiena. Hau da, ez dela inolako administrazio prebarikaziorik ez eta inolako lege hausterik egin Gazteluko Udalean», adierazi zuten.

Beraz, ez da epaiketa baterako inolako zantzurik ikusten Erbian errekako proiektuaren inguruan. «Gazteluko Udalak gauzak ondo egin ditu», berretsi zuten.

Publikoki justizia eskatu behar honen arrazoiak azaldu zituzten prentsaurrekoan parte hartu zuten lagunek. Lehena: «Gaztelu bezalako herri txiki baterako xentimorik irabazi gabe beraien lan orduak nahiz denbora librea denon onurarako eman duten ordezkariek jasan behar izan duten tratu txarra eta pertsekuzio bidegabea».

Agertu zuten, tamalez, oso erraza dela pertsona baten izena zikintzea eta gezurrak aireratzea. «Pertsonalki gure ordezkariek urteetan jasan behar izan dutena ikaragarria izan da, ordea. Denok ikusi ditugu leku eta garai ezberdinetan kartelak, pegatinak eta abar izen-abizenekin, lapurrak direla, prebarikadoreak direla eta aberasten ari direla esanez».

Galdera bat utzi zuten airean: «Ekintza hauek eskualde osoan eta eskualdetik harago Gaztelurekiko eragin duten nahasmenari eta desinformazioari nork emango dio orain buelta?».

Hedabideek afera honetan izan duten «utzikeria eta irizpide falta» ere bereziki salatu zituzten: «Kontrastatu gabeko informazio faltsua zabaltzea zein erraza den ikusi dugu». Eta, amaitzeko, justizia nori eskatzen dioten argitu zuten. Hasteko, «desinformazioa, akusazio faltsua eta tratu txarra jakinaren gainean eragin duten guztiei eta hauei hauspoa emanez aritu diren PNVko zenbait pertsonari». Zenbait komunikabideri ere bai, «informazio zuzena eta zorrotza landu beharrean, gezurra eta desinformazioa zabaldu dutelako jazarpen hau jasan duten pertsonenganako inolako begirunerik gabe».