GARA
DONOSTIA

Trintxerpek babesa eman die jaietan erasoak jasan dituzten hiru neskei

Trintxerpeko Karmengo jaietan hiru neska adingabek sexu erasoak jasan zituzten. Biktimei eta horien familiei sostengua agertzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo, ehunka herritar batuz. Pasaiako Udalak ez du zehaztasun gehiago eman, ezta atxiloketarik baieztatu ere.

Iragan ostiralean karmenetan hiru adingabek Trintxerpen pairatutako sexu erasoak salatzeko Harremantxo talde feministak elkarretaratzea deitu zuen atzo arratsalderako, bertako alkateordetzan.

Pasaiako Udalak adierazpen instituzional baten bitartez «gertaera larri horiek» gaitzetsi zituen eta herritarrei dei egin zien horrelakoak «ez ditzaten onartu, eta sala ditzaten». Gainera, agiri horretan zehaztu zuen «hartu beharreko neurri guztiak» hartuko dituela mota horretako erasorik errepika ez dadin.

Adierazpenean «elkartasuna» helarazi zien eraso hauek pairatu dituzten adingabeei, baita euren familia eta lagunei ere eta bat egin zuen antolatutako elkarretaratzearekin.

Gertaera lazgarriak adingabeei eragiten dienez, Udalak ez zuen horren inguruan informatu, eta aurreko egunean onartutako adierazpen instituzionala zabaltzera mugatu zen. Halaber, «zuhurtziagatik», ez du baieztatu erasotzailerik atxilotua izan den ala ez.

Lakuako Segurtasun Sailak larunbatean Lezon gizon bat atxilotua izan zela baieztatu zuen, aurreko egunean bi adingaberi ustez egindako sexu erasoengatik, baina ez zuen beste zehaztapenik eman.

Sanferminetan

Bestetik, Gora Iruñea eta Indarkeria Sexistaren aurkako plataformek atzo salatu zutenez, Polizia espainolak ez zuen sanferminetan indarkeria matxistaren biktimen harrerarako protokoloa bete, «emakumeen eskubideak urratuz».