Jose Angel ORIA

Burundiko presidenteak ez du baztertzen batasun gobernu bat osatzea

Pierre Nkurunziza Burundiko presidentea oso egoera ezerosoan ipini dute astearteko hauteskunde presidentzialek, nazioartean errieta baino ez baitiote egin eta herrialdean bertan beste estatu kolpe bat egiteko aukerak gora egin duelako. Arrisku horren eraginez, agintariaren aholkulari batek atzo adierazi zuen batasun nazionaleko gobernu bat osatzea ez duela baztertzen presidenteak.

Agintariaren ondokoek bozketak garbiak eta eredugarriak izan direla esaten badute ere, bestetik ez dute baztertzen azkenean batasun nazionaleko gobernu bat osatzea.

Oposizioko hautagairik gabe egindako hauteskundeen emaitzak bihar arratsaldeko hiruretan emango dituzte ezagutzera. Pierre-Claver Ndayicariye hauteskunde batzordeko presidenteak jakinarazi zuen atzo datu guztiak bildu eta eskaintzeko moduan edukitzeko epe hori beharko dutela.

Datu ofizialik ez badago ere, presidentearen aldekoek esan dute parte-hartze tasa %70etik gorakoa izan zela. «Oso balantze positiboa» egin du Willy Nyamitwe agintariaren aholkulariak. «Hauteskundeek erakutsi dute Burundi bozketa lasai, aske eta gardenak antolatzeko gauza dela», esan zuen atzo RFI irrati frantsesean Nyamitwek.

Baina Gobernuaren aldekoen bertsioak ez du sinesgarritasun handirik. Jean Minani oposizioko talde bateko buruak salatu du agintariek datuak manipulatu egin dituztela: «Guztiek ikusi dute gertatutakoa. Oso boto-emaile gutxi izan zen, hauteslekuak ia hutsik egon baitziren».

Innocent Muhozi Burundiko Prentsa Behatokiko presidenteak nabarmendu du «hautagai bakarreko» bozketak izan zirela asteartekoak, hautagaitza aurkeztu zuten beste pertsonak presidentearen ingurukoak baitziren. «Eztabaida askerik eta prentsa askatasunik gabe egindako bozketa izan zen», dio.

Edonola ere, aurrera begiratu beharra dago, Muhoziren iritziz: «Hauteskundeak amaitu dira eta orain negoziazio mahaira itzuli beharko da. Gizarte hau oso krisi larrian murgilduta dago, gerraren atarian, eta ezin dugu egin gauza guztiak ondo baleude bezala».

Agathon Rwasa oposizioko ordezkariak dio ezer egin ezean, presidentearen aurka dauden militarrek beste estatu kolpe bat egin dezaketela (maiatzean egin zuten ahalegin bat). Horregatik proposatu du batasun gobernu bat osatzea, datozen hilabeteetan berriz hauteskundeak egin aurretik. Nyamitwek ez du baztertu aukera, baina bozketa berria hain bizkor egin gabe.