GARA
DONOSTIA

EHUko Uda Ikastaroen gaurkotasuna nabarmendu dute lehenengo balantzean

Ekainean hasi ziren udako ikastaroen lehenengo partea amaitu da, eta balantzea egin du EHUk. Ezaugarrien artean, gaurkotasunarekin loturiko gaiak izan dituzten ikastaroak nabarmendu dituzte.

Ekainaren 8an hasi ziren EHUko Uda Ikastaroak eta orain atseden hartuko dute abuztuaren 17ra arte. Orduan bigarren partea hasiko da, irailaren 4ra arte luzatuko dena. Arduradunek lehenengo partearen balantzea egin zuten atzo. Hala, adierazi zuten 93 jarduera antolatu direla eta horietatik askok «bete-betean» eman dutela egungo egoerarekin eta gaurkotasunarekin.

Adibidez, Europari buruzko mintegia antolatu zuen Periodistas Europeos elkarteak. Eurobaskek (Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak) ordea, kontinenteko asimetriek sortutako arriskuak aztertu zituen, Greziako kasua aipatuz. Nazioarteko Zuzenbideari buruz ere aritu izan dira ikastaroetan, baita EAEko politikari buruz ere. EHUk gainera bestelako gaiak azpimarratu zituen, gizartean berebiziko garrantzia dutenak: ustelkeria politikoa, Elizaren sexu-abusuak edota justizia konpontzailea.

Guztira 8.204 lagunek hartu dute parte ikastaroen lehenengo parte honetan –6.883 ikasle eta 1.321 irakasle–. Ohikoa den bezala, bertaratutakoen gehienak profesionalak izan dira, eta ez ikasleak. Gainera, profesional horietatik erdiek baino gehiagok goi mailako ikasketak zituzten. 93 jarduera horietatik hamabostetan 100 izen-emate baino gehiago izan ziren.

Kulturarekin harremana duten gaiek ere badute lekua udako ikastaroetan. Adibidez, Maialen Lujanbio bertsolariak lezioa eskaini zuen. Horrez gain, doako lau saio eskaini zituzten publikoari irekiak zirenak “Ikastaroak guztiontzat” programaren barruan: kultura gela, zezenketen ingurukoa, Lotsati olerkariaren irudiari eskainitakoa edo bertsolaritzako ikastaroko performancea.

Abuztutik irailera

Ikastaroen bigarren etapa abuztuaren 17an hasiko da eta beste 27 jarduera izango ditu aurretik, horien artean hiru ireki. EHUk iragarri zituen ikastaroen artean, Mariasun Landa idazleak eskainitakoa dago. Honek mikroipuinak irakurri, aztertu eta idazteari buruzko mintegia zuzenduko du. Era berean, Joanba Bergarak (HABE) bigarren hizkuntzen irakasleari buruzko mintegia gidatuko du. Hizkuntzei buruz ari garenez, Andoaingo Soziolinguistika Klusterrak euskarak inguru eleaniztun batean zein espazio duen aztertuko du.

Gizarte gaiei dagokienez, demografiaren gaia jorratuko du ikastaro batek. Enplegua aktibatzeko politikak edo Ekialde Ertaineko ezegonkortasunaren gaia ere aztertuko dituzte.

Azkenik, kriminologiako zikloa azpimarratu zuen EHUk. Horren baitan, psikologiaren ikuspegitik adin txikiko biktimek eta lekukoek epaiketa-prozesuetan esku hartzeak dituen ondorioak aztertuko dituzte.