Jon LEUNDA
Sega

Igor Esnaola gainditzea izango da erronka nagusia

Euskal Herriko egungo txapelduna da, eta aurtengoa irabazteko faboritoa erebai. Ormaetxea, Kanflanka eta Gabirondo II.a ere finalean izango dira.

Astebeteko aurrerapenarekin jokatuko da Euskal Herriko segalarien finala, eta azkenean ez da Aian izango, Asteasun baizik, Sarobe baserriko belardietan. Bihar, 12.00etatik aurrera izango da ekinaldia. Lehorteak belarra gutxitzea ekarri du, eta hortik etorri da aldaketa hau.

Uztailaren 26n Aian jokatu zen kanporaketako lau segalaririk onenak lehiatuko dira, eta horien arteko bat izango da, beraz, aurtengo txapelduna. Jexuxmari Ormaetxea, Igor Esnaola, Gabirondo II.a eta Jon Kanflanka dira lanean aritu beharko duten segalariak. Bakoitzak ordubeteko lana egin beharko du, eta tarte horretan kilorik gehien mozten dituenak irabaziko du.

Ormaetxea eta Esnaola dira aditu guztien ustez txapela lortzeko faborito nagusiak. Orendaingoak irabazi zuen kanporaketa eta itxura bikaina eman zuen, eta horrek berarekiko itxaropenak handitu egin ditu. Gipuzkoako Txapelketan ere kanporaketako onena izan zen, baina gero ezin izan zuen txapelik jantzi.

Esnaola da egungo txapelduna, eta aurten jadanik Gipuzkoakoa ere irabazi du. Kanporaketan larri ibili zen, eta finaletik kanpo geratzeko ere ez zen oso aparte ibili. Finala, ordea, ordubetera da, eta kanporaketa ordu erdira izan zen, eta horrek gauzak asko aldatzen ditu. Hala ere, bi hauetakoren batek ez irabaztea ezustea izango litzateke. Ez dira, ordea, Kanflanka eta Gabirondo ere bazterrean utzi behar, ongi ari baitira.