Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Lehiaketa

WSL zirkuitua:Goi mailako lehia sasoi betean da

Pasa den astean Huntingtonen izan zen munduko nesken txapelketaren osteanaldaketak izan dira WCT rankingean. QS mailan ere lehiaketa bizia da egunotan,eta mutilei dagokienez, CT zirkuitua Tahitin izango da datozen egunetan.

Hastear da WSL zirkuituko zazpigarren txapelketa, Tahitin. Artean, nesken munduko txapelketa izan zen pasa den astean, Kalifornian (AEB), eta 10.000 puntuko mutilen lehiaketa garrantzitsu bat ere bai. Bestalde, WSL erakundeak aste honetan bertan Indonesian izango den QS mailako txapelketa baten berri ere eman du.

QS zirkuitua

Aurtengo QS zirkuitua osatzen duten 37 txapelketetatik soilik bederatzi lehiaketetan lor ditzake 10.000 puntu irabazleak. Aurten egin den mota honetako laugarren txapelketa izan da Huntingtonen pasa den astean egin zutena. Bestalde, azken orduan, puntu gutxi eskainiko dituen arren lehiakideek maitatuko duten txapelketa berri bat atxiki da QS zirkuituan. Datorren asteazkenean hasi eta larunbata arte luzatuko da Quiksilver Uluwatu Challengue. Soilik 1.000 puntuko txapelketa izan arren, munduko ezker olatu luze eta ederrenetako batean izango da txapelketa.

Huntington 2015

Urtero bezala, ikuskizun ugari eta kategoria desberdinetako txapelketa andana izan zen Kaliforniako Huntington Beachen, baina garrantzitsuena nesken munduko txapelketa izan zen. Nesken lehen mailako zirkuitua osatzen duten hamar txapelketatik seigarrena jokatu zen Huntington Beachekoa. Eta bertan izan ziren ezusteko emaitzen ondorioz, aldaketa nabarmenak izan dira WCTko sailkapen orokorrean.

Dudarik gabe, Johanne Defay izan zen txapelketako izar nagusia. Reunion uharteetako surflari honek lehen aldiz WCT mailako txapelketa bat irabaztea lortu zuen eta aurrerantzean kontuan hartzeko lehiakidea izango dela frogatu zuen. Metro eskaseko olatu ahuletan Sally Fitzgibbons australiarraren kontra aritu zen jo eta su finalean. Azken olatuan egin zituen bi bira bortitzei esker lortu zuen txapela Defayk. Aurtengoa lehen mailan lehian ari den lehen urtea du Johanne Defayk.

Defayren ezusteko garaipenak eta puntako zenbait lehiakidek izandako emaitza txarrek goitik behera aldatu dute ranking orokorra. Hala, Carissa Moore hawaiiarrak lidergoa galdu du, eta bigarren postuan da. Haren ordez, Courtney Conlogue estatubatuarra da buru egun. Sally Fitzgibbons hirugarren postuan da, eta Defayk, bost postu gora eginda, seigarren postuan. Lehen mailako nesken zirkuituko hurrengo txapelketa ere Kalifornian izango da, irailean, Trestleseko urautsi ezagunean.

Mutilen kasuan, Hiroto Ohhara izan zen 2015 Vans Us Open of Surfing txapelketa ospetsua irabazi zuen surflaria. Lehiakide japoniar batek halako txapelketa garrantzitsu bat irabazten duen lehen aldia, beraz, pozarren dira Japoniako jarraitzaileak. Kontuan hartu behar da 10.000 puntuko txapelketa bat irabaztea QS mailan lor daitekeen puntu bilketa gorena dela.

Hiru minuturen faltan 9'17 puntu bildu zituen olatu bikainari esker lortu zuen txapela Ohharak. Sari banaketen ostean egin zioten elkarrizketan honela mintzatu zen: «Txapelketa hau irabazita zoriontsua naiz. Mundu guztiari ematen dizkiot eskerrak, inguruko denei. Honek zera erakusten du, japoniarrak ‘number one’ garela. CT kategorian egoteko gogo handia daukat, beraz kontzentratuta jarraitu eta lan egin behar dut».

Garaipen honen ostean 28 postu egin ditu gora QS rankingean eta egun 13. postuan dago Ohhara, beraz, horrela jarraitzen badu datorren urtean CT mailara igotzeko aukera asko izan dezake, baina horretarako, urtea amaitzen denerako postua mantendu edo hobetu egin beharko luke.

Tahitirako prest

Datorren ostegunean, abuztuak 14, hasi eta hilaren 25a bitartean luza daitekeen CT kategoriako txapelketa ikusmin handia sortzen ari da. Izan ere, iaz izan zen itsaski bortitzaren ostean aurtengoan ere antzeko zerbait izan daitekeen ustea oso zabaldua dago eta lehiakideek prest egon nahi dute edozein baldintzetarako. Teahupooko urautsian jazotzen den ezker olatu borobila munduko arriskutsu eta zailenetako bat da, eta olatu handiak badira zinez muturreko baldintzetan aritu beharko dute munduko 34 lehiakide ospetsuenek.