Igoerako bideari heltzeko prest
Baionako Avironek eta Biarritzek datorren denboraldian Top 14 txapelketan izateko asmoarekin abiatuko dute sasoi berria.

Aviron eta Biarritz hastera doaz Top 14ra eramango dituen bidea egiten, horixe izango baita bi talde lapurtarren helburua, denboraldiaren amaieran berriro ere onenekin batera izatea.
Ez da izan uda batere erraza bietako inorentzat. Batzuen batasun nahiak besteen ezezkoarekin egin du topo, eta, ondorioz, haserreak eta ikusezinak ugaritu egin dira. Gainera, azkenean batzearen aurkakoek irabazi dutenez, bi taldeek euren bidetik jarraituko dute oraingoz. Hurrengo urtean zer gertatuko den ideiarik ez da, baina amaierako emaitzak zeresan handia izango du. Oraingo nahia, uda hasierako liskarrak ahaztu eta zaleek bat egitea izango da.
Igotzea, hori da bien helburua, eta horretarako garrantzitsua izango da lehen fasea aurrena amaitzea. Lehenengoak zuzenean izango du Top 14 txapelketara igotzeko eskubidea, eta bigarrengotik bosgarren postura amaitzen dutenek igoerako kanporaketak jokatuko dituzte; hor bakarrak izango du azkenean gora egiteko aukera.
Aviron jaitsi berria izanik, igotzeko faboritoen zerrendan agertzen da. Jokalari garrantzitsu asko izan dira Jean Dauguer utzi dutenak, baina zuri-urdinak ongi indartu dira. Presidentea ere berria izango dute, Manu Merinek kargua utzi eta Francis Salagoiti izango baita berriz taldearen gidaritzan. Aldaketek aulkitik jarraitu dute, entrenatzaile berria izango baitute: Vincent Etxeto. Baionarra, etxekoa, Avironen hasi eta hezitakoa, nahiz eta azkeneko urteak Euskal Herritik kanpo eman dituen, lehenengo jokalari gisa eta gero entrenatzaile bezala.
Jokalariei dagokionez, iazko izen garrantzitsu askok utzi dute taldea. Ancely, Chisholm, Duhalde, Etrillard, Fa’aoso, Fernandez, Fonua, Jgenti, Loustalot, Muller, O’Connor, Ollivon, Otazo, Pointud, Roumieu, Senekal, Spedding, Ugalde eta Vaka ez dira elastiko zuri-urdinarekin arituko. Aldiz, Igiñiz, Rouet, Lovobalavu, Lapeyrade, Monribot, edo Rocokoco bezalako beste jokalari garrantzitsu eta esanguratsuek Lapurdiko hiriburuan jarraitzeko hautua egin dute. Etorri direnak, honako hauek izan dira: Choirat (Grenoble), Jane (France VII), Mamao eta Taufa (Tonga), eta Van Aauren (La Rochelle). Plantila luzea ez zaio geratu Baionari, eta litekeena da oraindik jokalari berri gehiago ere etortzea, denboraldia oso luzea baita eta nahiko jende gutxi baitago lesioak eta agertzen hasten direnerako.
Bigarren urtea
Beti esan izan da maila galdu eta hurrengo urtean igotzea oso zaila izaten dela, eta hori hartu du oinarritzat Biarritzek. Izan ere, pasa den urtean lortu ez zuena aurten lortu nahi du; hala, iaz abiatutako proiektuari jarraipena eman eta oso aldaketa gutxi izan dira taldean. Eddie O’Sullivanek jarraituko du taldea zuzentzen, eta iaz zeuden ia jokalari guztiek ere jarraituko dute Biarritzen. Bolugne, Evans, Lockley, Marie, Molcard, Montanella, Roussarie, Sela eta Van der Walt dira Agilera utzi dutenak.
Jokalari garrantzitsuenek Biarritzen jarraituko dute, eta taldea indartzeko ere ere ez dira gehiegi etorri, daukanarekin oso konforme baita entrenatzaile irlandarra. Guiry (Begules Bordeaux), Magnaval (Racing Metro) eta Sousa (Lyon) izan dira fitxaketak, nahiz eta hemen ere oso litekeena den jokalari berri gehiago etortzea.
Bi taldeak batzeko kontuak medio, bakoitzak bere bidetik jarraituko zuela jakin baino lehen ezinezkoa zen jokalariak erakartzea. Ondoren, nahi baino denbora gutxiago izan dute bi taldeek euren egitura eta prestaketa zehazteko, baina, hala ere, azken orduan etor daitezkeen jokalari berri horien zain, talde politak osatu dituzte.
Uda honetan gertatu dena gertatuta, pentsatzekoa da zaleen erantzuna ere handia izango dela, eta horixe da bi taldeek eskatzen dutena. Azken batean bakoitzak bere bidea egiten jarraitzeko garaian zerikusi handia izan dute, eta garbi dago zaleek euren taldea bakarrik nahi dutela, batu gabe. Orain harmailetan ere erakutsi beharko dute, eta, bi taldeetako agintariek garbi utzi dutenez, jokalariek eta harmailetako zaleek bat eginda joan behar dute denboraldian zehar. Liga hastera doa, eta amaierak erabaki dezake datorren urtean nola jarraituko duten bi taldeek.
Aurreneko eta azkeneko partidak
Pro 2 Maila gaur abiatu eta igande bazkalostean amaituko da. Gaur partida bakarra jokatuko da, eta igandean beste bat. Gainerakoak bihar izango dira. Kasualitatea edo ez, euskal taldeek aurreneko eta azkeneko partidak jokatuko dituzte. Avironek gaur gauean, 20.45ean, Albiren zelaian jokatuko du. Partida, gainera, Frantziako Canal + Sport kateak eskainiko du zuzenean. Partida garrantzitsua izango da, Albi ere Top 14 txapelketan ibilitakoa baita eta onenen artera itzultzeko nahia agertu baitu denboraldiaren hasiera honetan.
Biarritzek, aldiz, azkeneko norgehiagoka jokatuko du, igandekoa. Hain zuzen ere, 14.25ean hartuko du Agilera estadioan Aurillac. Etxeko lehen partida oso garrantzitsua izango da. Irabazten hastea beti da oso baliagarria, eta are gehiago etxean denean. Bi euskal taldeentzat ez da izango denboraldi erraza, baina garrantzitsua izango da etxeko partidak aurrera ateratzea, eta kanpoan ere puntuak lortzea, baldin eta amaieran goiko muturrean egon nahi baldin badute. Bestela, igotzeko ametsa zapuztu egingo da. J.L.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»

La RDC registra el peor desastre minero del mundo en 60 años

Un vídeo prueba el disparo directo a Iker Arana, que perdió un testículo
