Irainak eta konparazioak
Badira ezin zorroztuzko kamustasunak, ez zorroztarri honek ez beste ezeinek ezin zorroztuzkoak, alegia. Baina arriskutsuak izan ohi dira, ganibetik zorrotzena baino arriskutsuagoak.
Herriko festak ziren bixamonian... terrorearen atzaparren pean askatasunik gabe bizi den herri bateko jaiak, hain zuzen. Eta ez ziren harri txabal-txabal baten gainean trukean ari, azpilanean baizik. Herriko jai batzordea bildu eta festak nola hasi eztabaidatzen hasi zen. «Txupinazoa botako dugu», dio lagun batek, burutsu. Beste batek, berriz, «urtero botatzen dugu txupinazoa». «Arrazoi duzu –dio aurrenekoak–, zerbait originalagoa egin beharko genuke». Halako batean, agertu da gizon txanodun bat eta bere proposamena bota du: «Nik uste dut biktimak iraindu eta umiliatzeko zerbait egin beharko genukeela». Eta denek: «Nolatan ez zaigu lehenago okurritu?». Hala, txupinazoa herriko errepresaliatuen senide eta lagunek botatzea erabaki zuten aho batez.
Ez zuten sumatu ere egin, ordea, legearen garrorik luze eta itsaskorrena sukalderaino sartu zitzaiela. Izan ere, txano beltz haren azpian belarri eta antiojo pare bana zeuden, eta ez ziren Torrenterenak, Carlosenak baizik. Hala du grazia eguzkia sartzen ez den inperioaren esentzien zaindari horrek, graziarik batere ez duen arren. Eta horrela lortu zituen gaizkile haien asmo maltzurren frogak, laidoa garaiz saihesteko.
Aldi berean, ezkeeer? espainiarraren euskal ordezkariak lehendakariari eskatu zion ez nahasteko «ETAren jardun kriminal sistematikoa eta Segurtasun Indarren gehiegikeriak eta egiletza iluneko beste gertakari batzuen biktimak». Idoia du grazia guztia, eta Martin Villa, Barrionuevo eta enparauen ezpalekoa atera zaigu, harako «gureak okerrak dira, eurenak krimenak» hari eutsita. Behar bezalako biktimak zorritsu molestagarri ez beste horiekin konparatzea ere...

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
