«Oraindik Donostiako jai batzuek buelta bat behar dutela uste dugu»

Urte osoko prestaketaren ondorioa izan da 13. Aste Nagusi Pirata. Jaiak bukatu ostean, egunerokora itzuli dira mugimenduko kideak. Aurtengo festei eta mugimenduari buruzko balantzea egiteko ordua da.
Zer-nolako balorazioa egiten duzue aurtengo Aste Nagusi Pirataren inguruan?
Irati ELIZALDE: Oso balorazio positiboa egiten dugu, inoiz baino ekintza gehiago egin ditugulako, ehunetik gora. Inoiz baino jende gehiagok parte hartu du, mila pertsona inguru aritu gara lanean eta ekintzak ere oso jendetsuak izan dira. Zenbaki eta sentsazio politak dira.
Batix EZEIZA: Aurten berrikuntza batzuen aldeko apustua egin dugu eta oro har oso positiboak izan dira: Abordatze Eguneko bazkaria bertako produktuekin egin zen, Aingurak eskaini zuena ere bai, Guardetxeko DJ gunea... Pozik gaude, pena bakarra eguraldia izan da. Abordatze Egunean kaira itzultzea eskatu genuen haizetea zegoelako; jendeak ondo hartu zuen, eta, zorionez, ez zen ezer gertatu. Ostegunean ere kontzertuak bertan behera utzi behar izan genituen, baina orokorrean pozik gaude.
Zeintzuk uste duzue direla mugimenduaren arrakastaren gakoak?
I.E: Alde batetik, antolakuntza mailan, oso antolakuntza horizontala daukagu eta horretan sakontzen ari gara. Aukera ematen diogu mundu guztiari festen antolakuntzan parte har dezan eta nahi dituen ekintzak aurrera eraman ditzan. Bestetik, balio batzuen inguruan biltzen gara, antolatzen ditugun ekintzak zerbaitengatik antolatzen ditugu, balio batzuen inguruan. Finean, guk jaien bidez gizarte eredu bat eraiki nahi dugu. Gure festa balioz janzten dugu eta festa etikoa izatea dugu oinarri.
B.E: Barrura begira, gero eta jende gehiago gara antolakuntzan eta koordinazioan. Lan esparru eta kofradia gehiago gaude. Kanpora begira ere gero eta jende gehiagok parte hartzen du gure jaietan. Gure arteko giroa ere azpimarratuko nuke. Urte osoan zehar bi astean behin elkartzea ordu asko dira, eta pazientzia eskatzen du. Giro onarekin ez du hainbeste axola bilera askotara joan behar izatea, bertan dauden pertsonekin gustura zaudelako.
Mugimenduaren parte izateko kofradia bateko kide izan behar da?
B.E: Ez, ez du zertan. Esparru desberdinak bereizten ditugu: kofradiak daude, bakoitzak bere egitaraua antolatzen du, eta denon artean egitarau komun bat ere bai. Mugimenduarekin lotutako erabakiak kofradiek beraiek hartzen dituzte. Horretaz gain, lantaldeak ere baditugu, musikaz, komunikazioaz, euskaraz eta beste hainbat alorrez arduratzen direnak. Kofradia eta lantaldeetan edonor sar daiteke.
I.E: Asanblada irekiak antolatzen ditugu urtean zehar. Batez ere jendea biltzera bideratuta daude; horregatik, parte hartu nahi duten pertsonak erakartzeko, edonorentzat irekita daude.
Lakuarekin izan zenituzten arazoak iaz. Aurten udal berriak Nautikoa gauez erabiltzea ukatu dizue. Traba gehiegi ikusten al dituzue? Zergatik?
I.E: Guk ez dugu ulertzen DJen gaueko egitaraua Nautikoan egitea debekatzea, eta traba handia izan da. Guk aldarrikatzen dugu espazio publikoa herritarrena dela, eta herritarrok eskubide eta zilegitasun osoa daukagula espazioa publikoak erabiltzeko. Baina, gainera, gure mugimendua hazten ari da, eta gero eta espazio gehiago behar ditu. Orduan ulertezina iruditzen zaigu espazio hori gauez kendu izana. Elkarlanean segitu nahi dugu Udalarekin, irtenbideak bilatzeko, pentsatzen dugulako espazio publikoa denona dela. Traba teknikoak baldin badaude, alternatibak bilatzeko prest gaude, eta espero dugu datorren urteari begira espazio horretan segitzeko aukera izatea, baita beste batzuk erabiltzeko aukera izatea ere.
B.E: Berdin zaigu zein alderdi dagoen boterean, berarekin egingo dugu lan. Zoritxarrez, aldaketa politikoak daudenean, bestelako aldaketak ere ematen dira. Gure prestutasuna beti izan da koordinatzea, eta Udal berria sortu zenean aurkezpen erronda egin genuen. Arazoak baldin badaude, ez gaitezen zapaldu eta koordina gaitezen; gu horretarako prest gaude, eta hala esan genion Udalari. Nautikoko trabei alternatibak aurkeztu genizkien, arazoa teknikoa baitzen, inguruko bizilagunak soinuarengatik kexatu zirelako. Nahiz eta konponbideak aurkeztu, Udalak ezetz esan zuen, eta, egia esan, pena izan da. Gainera, Jazzaldian, toki berean, agertokia guk jarri ohi dugun modu berean zegoen jarrita.
Aurten euskara eta elkartasunaren aldeko mezuak zabaldu dituzue: nola ikusi duzue bien egoera?
I.E: Piratok hasieratik egin dugun apustua da euskaraz aritzearena, aldarriak eta mezuak euskaraz egin ditugu. Piraton espazioak euskaldunak dira, dena euskaraz egiten dugu, eta uste dut ekarpen handia egiten diogula euskararen erabilerari testuinguru informal horretan. Elkartasunari dagokionez, aurten adibidez Donostia Ospitalera joan gara, eta haurrei bisita egin genien. Oso goiz polita pasa genuen; zorionez haur gutxi zeuden, baina piratak bazeuden haur horien artean eta oso ondo pasa genuen, guk beraiekin eta haiek gurekin.
B.E: Iazko Edozer Dugu Posible eguneko elikagai eta material guztia Saharara bidali zuten, Aste Nagusian Askapeña konpartsarekin egin genuen ekintza bat, EH11 Kolorerekin lan egin dugu… Gure esparru nagusiak jaiak dira eta gure baloreak transmititzeko esparru nagusia Aste Nagusia da, baina aurten inauterietan ere parte hartu dugu. Oraindik Donostiako jai batzuek buelta bat behar dutela uste dugu. Horretaz gain, urtean zehar gauza gehiago sortzen ari dira. Eta euskarari begira, ez barruan bakarrik, kanpora begira ere lan potenteago bat egin behar dugula erabaki dugu. Gure helburua bikoitza da: alde batetik, euskaraz egitea eta euskara erabiltzea, eta, bestetik, euskalduna ez den jendea giro euskaldunera gerturatzea, bertan eroso senti daitezen lortzea.
Eraso sexistei dagokionez, arazorik egon da zuen guneetan?
I.E: Ez da eraso sexistarik salatu, baina horrek ez du esan nahi erasorik egon ez denik, eta emakumeok jaiak askatasun berarekin bizi ditzakegunik. Zentzu horretan, guk lanean jarraituko dugu, kontzientzia zabaltzen jarraituko dugu, festa feministak aldarrikatzen jarraituko dugu, espazio seguruak eta libreak sortzen, eta, gainera, anbiziotsuak izango gara.
B.E: Hori da. Deirik jaso ez dugun arren, guk gure begiz ikusi ditugu eman behar ez liratekeen zenbait egoera, gustuko ez ditugunak; lanketa beharko duten egoerak dira. Antolatzen ari garen jai ereduari buruz oraindik asko dugu ikasteko; gaiari buelta bat eman behar diogu esparru erosoago bat sortzeko, parekideagoa eta feministagoa.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
